Etxegabetzeen Aurkako Plataformako (PAH) bozeramaile Ada Colauk heriotza mehatxuak salatu ditu, PPko zenbait kidek plataforma indarkeriarekin lotu zutenetik. Tartean Cristina Cifuentes Madrilgo Gobernuko ordezkaria dago. RNE irratiak egindako elkarrizketa batean esan du, beste hainbat gauzen artean, PAHk talde “filoetarrak” bermatzen dituela eta indarkeria erabiltzen duela. Colauk gertaturikoa auzitegietara eramatea pentsatzen ari dela esan du.
“Ada Colauk eta PAHko beste zenbait kidek Bildu eta Sortu bezalako taldeei bermea eman diete. Talde hauek, nire ikuspuntuaren arabera, ETArekin zerikusia dute”, adierazi du Cifuentesek asteleheneko elkarrizketan. Honez gain, PAHk estrategia politiko erradikal bati ekin diola esan du: “Interes politikoak dituztela uste dut; azal diezadatela, bestela, zergatik doazen haien salaketa guztiak PPko politikarien kontra”.
Colauk, bestalde, Cifuentesen hitzak “ezmoralak” direla esan du Europapress-ek egin dion elkarrizketan. PAH plataforma “apartidista, independentea, plurala eta bakezalea” dela azpimarratu du. Bestalde, Cifuentesena bezalako adierazpenek etxegabetzeen gaia ezkutatzeko helburua besterik ez dutela esan du.
Colauk berak, adibide bezala, Twitterretik bidali dioten heriotza mehatxu horietako bat bertxiotu du:
RT @sergio_1932 Hijas de puta como @adacolau solo merecen el paredón!! Ya podría ETA haber matado a toda su familia, ya verás que risas...
— Ada Colau (@AdaColau) 2013 martxoa 24