argia.eus
INPRIMATU
Abusutzat jo dute Murtzian gertatutako talde bortxaketa bat
  • ‘Murtziako La Manada’ bezala izendatua izan den kasuan ere abusutzat jo du epaiak salatutako bortxaketa.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 10
Sanferminetako bortxaketaren sententziaren kontra Murtzian egindako elkarretaratzea (Carlos Trenor)

Duela egun batzuk hiru gizonen artean bortxatu zutela salatu zuen emakume batek Murtzian (Espainia). Kasua auzitegietara eraman ostean urruntze aginduarekin aske utzi dituzte akusatuak, bortxaketa ordez sexu abusutzat jo baitute salatutako gertakaria.

Erasoa jasan zuen egunaren biharamunean ospitaleko larrialdi zerbitzuetara jo zuen emakumeak, eta mediko zein forentseen gomendioari jarraiki salaketa jarri zuen. Drogatu egin zutela azaldu zuen, eta substantziek eragindako babesgabetasun egoeraz baliatuta bortxatu zutela. Akusatuek epailearen aurrean egindako adierazpenetan bortxaketarik egon ez zela azaldu zuten, emakumea sexu langilea zelako argudioarekin.

Epaiaren ostean Murtziako Auzitegi Nagusiak sexu abusutzat jo du salatutako gertakaria, ez bortxaketatzat. Hala bada, sexu abusuengatik ikertuak izango dira eta ez bortxaketa edo erasoengatik.