Bilobaren gurasoak atxilotu zituzten eta tortura fisiko eta psikologiko artean bere amak erditu zuen. Gurasoak desagertuta daude oraindik; arrebak haritik tiraka aurkitu du neba, 2009an zabaldu zuen blog baten ondotik.
Raúl Metz eta Graciela Romero dira seme lapurtuaren gurasoak; bahituak izan ziren 1976an, Graciela haurdun zegoelarik. Argentinako Neuquén hiriko "La Escuelita" egoitza klandestinoan torturatu zituzten, eta beste leku batera lekualdatu, torturapean jarraitzeko. 1977ko urtarrilean, Raúl aita zentrotik atera zuten, eta oraindik desagertuta dago. Gracielak 1977ko apirilean erditu zuen lapurtuko zioten umea.
Raúl eta Gracielak aurretik izan zuten alaba bat, Adriana, bere aiton-amonekin geratu zena, babesean. Nebaren eta gurasoen bila aritu da aspalditxotik. 2009an, Adrianak interneten blog bat ireki zuen, "Poncho de lana" izenekoa, eta bere neba galduari zuzenduta idazten zuen nor zen, nebaren bila eta bere zain zegoela. Adrianak desagertutako pertsona askoren bilaketan hartu zuen parte, argi baitzeukan pertsona guztiak bilatzen bere neba aurkituko zuela.
Horrela gertatu zen: Abuelas de Plaza de Mayok informazio anonimoa jaso eta ikerketa abiarazi zuen. Beharrezko dokumentazioa batu eta bilobarekin kontaktuan jarri ziren, DNA probak egin eta Adrianaren lapurtutako neba zela egiaztatu zuten.
Gero eta oztopo instituzional gehiago
Argentinako egungo presidente Javier Mileiren gobernuaren partetik murrizketa handiak izan dira, kasu horren identifikazioa ahalbidetu duen BNDG organismoak pairatu dituenak kasu. 2024an Identitate Eskubidearen aldeko Batzorde Nazionala (Conadi) kendu zuen Argentinako Gobernuak, 2004an sortuta, eta diktadura militarrean lapurtutako haurrak aurkitzeko artxiboak zituenak.
Estatu terrorismoaren garaian lapurtutako 300 biloba oraindik falta direla adierazi du Abuelas de Plaza de Mayok, eta egiaren alde borrokatzen jarraituko dutela esan dute.