Astelehen arratsaldean ezagutu du Kaiet Prieto gazte barakaldarrak epaiketaren sententzia: absolbitu egin dute.
Gazteak poztasuna adierazi du sare sozialetan. Hala ere, epaia oraindik ez da irmoa, fiskaltzak errekurtsoa egiteko aukera baitu.
Prietok eskerrak eman ditu jasotako elkartasunagatik eta eskerrak eman dizkio bere abokatuari ere. Gainera, gogoan izan ditu zigortuak izan direnak eta epaiketaren zain daudenak.
Herrikolore webguneak jaso du gaztearen oharra:
"Nire abokatuak deitu berri nau sententzia igorri dutela komentatzeko. Absolbitu egin naute, baina oraindik fiskaltzak errekurritu dezake. Baina lehenengo pauso bat da, borrokatuz gero irabazi daitekeela erakusten duena!
Eskerrik asko guztiei zuen elkartasunagatik eta batez ere Olarieta nire abokatuari, epaiketan egindako defentsa ikaragarriagatik!
Baina ezin dugu ahaztu adierazpen askatasunaren kontrako ehundaka kasu daudela oraindik. Hemendik besarkada handi bat Juleni, igandean espetxeratua izango dena errotulki batekin pintada bat egiteagatik".
Prieto "Armiarma" operazioan atxilotu zuten 2015ean, besteak beste herrikide duen Andeka Juradorekin.