argia.eus
INPRIMATU
Portugaleteko liburutegia zerbitzu publiko duinak aldarrikatzeko okupatu zuten gazteak absolbitu dituzte
  • Zerbitzu publiko duinen alde protesta egiteagatik joan den astean epaitu zituzten 13 gazteak absolbitu egin dituzte.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 24a
Liburutegi duin baten aldeko protesta Portugaleten. (Argazkia: www.herrikolore.org)

Ekainaren 2an Portugaleteko zenbait gaztek liburutegia sinbolikoki okupatu zuten, herrian antzematen zituzten zerbitzu publikoetako gabeziak azaleratzeko helburuarekin.

Liburutegian igaro zuten denbora urria, egoitza uzteko prest agertu izana eta kalterik eragin ez izana kontuan hartuta epaileak iritzi dio horrelako jarrerak ezin direla delitutzat hartu. “Nahigabe, zirkuko protagonista bilakatu ginen”, esan du auzipetuetako batek.

Gazteek azaldu dutenez, bazekiten ez zutela deliturik egin: “Herrian liburutegi duin bat izatea nahi genuen, besterik ez”. Haien ustez, Portugaleteko Udalak protesta epaitu nahi izan du.

Gazteek argi utzi dute ez dutela etsiko "beharrezko" zerbitzu publikoak lortu arte.