argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren Legeak astindutako Emakumeen Nazioarteko Eguna
  • Urtero bezala Euskal Herriko hainbat elkarte feministak eta emakume taldek bat egingo dute Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko Koordinadora feministan biltzen dira eta aurten bereziki Espainiako Gobernuak aldatu nahi duen Abortuaren Legea izango dute gogoan.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 07a
Euskal Herriko Bilgune Feministak Martxoaren 8rako prestatutako afixa.

Euskal Herriko Koordinadora feministaren ustez, emakumeak ahalegin handiz lortutako eskubideak zanpatzen ari dira botere politiko, ekonomiko eta erlijiosoak. Eskubide zapalkuntza horren adibide garbitzat du Abortuaren Legea. Hona Martxoaren 8rako prestatutako irakurketaren pasarte bat:

“Une oso larria ari gara pairatzen: botere politiko, ekonomiko, erlijioso eta ideologikoaren arteko aliantza historikoa indartu egin da eta jendartean sakoneko aldaketa inposatu nahi du, oso kutsu atzerakoiaz; egundoko erasoa jotzen ari dira, hamarkadak joan hamarkadak etorri emakumeok ahalegin izugarriz irabazitako eskubideen aurka. (…) Eskubideen atzerakadaren gailurra abortu-legearen erreforma proiektua da, emakumeen aurka egin den benetako gerra-adierazpena.

Emakumeen aurkako gerra-adierazpena abortuaren eskubidea murrizteaz gain haratago doa. Bete behar dugun feminitate eredu bat inposatzen digute. Emakumeon funtzio garrantzitsua eta bakarra erreproduzitzea da, heterosexualitate baten barnean noski. Feminitate eredu horretatik kanpo gauden guztiok zigortzen gaituzte era ezberdinetan.

Abortu-legearen erreforma ultrakontserbadorea da, eta eliza katolikoaren buruekin batera diktatu dute. Gure bizitzaren eta gorputzen gaineko erabakia kentzen digu; umiliatu eta gutxietsi egiten gaitu, ama izatera bortxatuz. Eurek erabakitzen dute, eta emakumeok obeditu egin behar dugu: otzan, serbil, mutu. Hala nahi gaituzte”.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ondoko hausnarketa egin du Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta: “Balioak aldatu ezean, ezin da gizartea eraldatu. Balioek edozer gizarte-eredu iraunarazten eta justifikatzen dute, eta eredu androzentriko eta matxista batetik berdintasunezko eredu batera igarotzen laguntzeko, beharrezkoa da beste balio batzuk garatzea, eta gizartea horietan oinarritzea. (…) Zalantzarik gabe, egungo balioak aldatu egin dira, baina oraindik ere onartzen dute hierarkian gizonak emakumeak baino gorago daudela, eta gizonen ekintzak emakumeenak baino garrantzitsuagoak direla eta balio hauek emakume eta gizonek oso gazte direla barneratzen dituzte”.

Martxoaren 8aren inguruan prestatu diren elkarretaratze, ekitaldi eta sormen lanen berri duzue ondoko loturetan:

Hitza agerkariek hainbat eskualdetako berri jaso dute: Urola Kosta, Goierri, Lea-Artibai eta Busturialdea.

"Larre Motzean" dokumentala, emakume baserritarrak haien bizipenak kontatzen.

Irisarrin "Emazteen engaiamenduaz" gaualdia, martxoaren 7an

Baiona, Hazparne, Biarritz, Angelu eta Hendaiako elkarretaratzeak

Hainbat herritako agendak, topatu.inforen eskutik