argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren despenalizazioari ateak ireki dizkiote Mexikon
  • Auzitegi Gorenak asteartean ezabatu du Coahuila estatuko kode penaleko 196. artikulua. Haurdunaldia eten nahi duten emakumeei hiru urteko kartzela zigorra ezartzen zitzaien lege horrekin. Despenalizazioak “nahitaezko irizpidea” ezarri du estatu horretan ez ezik, Mexikoko epaitegi guztietan abortu kasuen inguruan ebazteko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 08a
@VocesFeminista

Mexikoko Auzitegi Gorenak konstituzioaren kontrakotzat jo du abortatzeagaitik Coahuila estatuan ezartzen den zigorra. Hamar magistratuek aho batez onartu dute asteartean eskualdeko kode penalaren 196. artikulua ezabatzea, eta horrekin, umea ez izatea erabakitzen dutenei ezartzen zaien hiru urteko kartzela kondena legez kanpo utzi dute. 

Aurrerantzean, Texasekin muga egiten duen estatuan ez dute haurdunaldia eteteagatik inor epaituko. Bestalde, BBC hedabideak zabaldu duenez, abortatzeagatik kartzelaratu dituzten emakumeak presondegitik irten daitezke orain. Atxilotutako andrazkoek karguak bertan behera uzteko eskatu dezakete epaitegietan; ez soilik Coahuila estatuan, baizik eta Mexikoko gainontzeko eskualdeetan ere, astearteko erabakiak horretarako legezko aurrekaria ezarri baitu.

Gorenaren erabakiak Coahuilako kode penalari baino ez dio eragiten. Halere, Mexikoko gainontzeko epaitegietan derrigorrez jarraitu beharko den aurrekaria ezartzen du, nazio osoko emakumeen alde ebatsi beharko baitute magistratuek asteartetik aurrera. Horrela, andrazkoek eta abortuaren aldeko elkarteek bide judizialetik egin ahalko diote aurre beste estatu batzuetako kode penalean biltzen den abortuaren kriminalizazioari.

Egun, abortua legezkoa da Mexikoko 32 estatutik lautan (Mexiko Hirian, Oaxakan, Hidalgon eta Veracruzen), hamabigarren astera arte. Gainontzekoetan, salbuespenak dira haurdun dagoen emakumearen bizia arriskuan jartzen diren kasuak eta bortxaketa kasuak. Gorenaren arabera, despenalizazio honek “nahitaezko irizpidea” ezarriko du 28 estatuetako epaitegietan antzeko kasuez ebatzi behar denean.

Luis Maria Aguilar Morales magistratuak erabakia “historikoa” dela esan du: “Gure herrialdeak giza eskubideen babes maila bere hedadura handienera zabaldu du”. Bereziki, emakumeen erabakitzeko ahalmenari eragiten dio legeak, eta hau oinarrizko eskubidea izanik, epaitegien eskuetan utzi ezin dela argudiatu dute hainbat eragilek.

Norma Piña auzitegiko ministroak beste pausu bat eman du aurrera, eta estatuak bere gain erantzukizun gehiago hartu beharko lituzkeela azaldu du. Haren ustez, despenalizazioa onartzeaz gain, estatuak haurdunaldia etetea posible egiteko “baldintza minimo batzuk” betetzen direla bermatu beharko luke.

Hain zuzen, auzitegietan onartutako erabaki horren inplikazioetako bat da aurrerantzean hori babestea. “Hala erabakitzen duten haurdunek osasun publikoaren erakundeetan haurdunaldia eten dezakete modu eskuragarrian, doakoan, isilpekoan, seguruan, azkarrean eta diskriminaziorik gabekoan".

Kontrako iritziak

Andrés Manuel López Obrador Mexikoko presidenteak oraindik ez du agerraldi publikorik egin auzitegiaren ebazpena eztabaidatzeko. Asteartean bertan, prentsaurrekoan azaldu zuen nahiago zuela adierazpenik ez egin “eztabaidagarria” eta “polemikoa” iruditzen zaion gai horren inguruan: “Ez dugu konfrontaziorik sortu nahi”.

Izan ere, asko dira Mexikon abortuaren aurka altxatu izan diren ahotsak. Egun, 100 milioi katoliko bizi dira estatuan, eta Elizak jarraitzaile asko ditu. Mexikoko Gotzainen Konferentziak (gotzain katolikoen erakundea) gogor kritikatu du astearteko despenalizazioa: “Bizitzaren balioan sinesten dugunok ez dugu behar onartzera doazena bezalako lege hiltzailerik; espero dugu bizitzarekiko zure iritzia ideologia batek baldintzatuta ez egotea, baizik fedean, esperantzan eta maitasunean oinarritua izatea”.