argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren aurkako koalizio berria prestatzen ari da Espainian Europako bozetarako
ARGIA @argia 2014ko otsailaren 10
Datozen egunetan emango dute ezagutzera koalizioko kideek “bizitzaren aldeko” bezala definitzen duten taldearen marka ofiziala. (Argazkia: abc)

Ez Alberto Ruiz Gallardonen PP, ez Santiago Abascalen VOX, Espainiar ultra katoliko eta abortuaren aurkakoek beren hautagaitza partikularraren premia ikusi dute: abortuaren lege murriztaile eta zorrotzagoaren defentsan lan egingo duen koalizioa.

Datozen egunetan emango dute ezagutzera militanteek “bizitzaren aldeko” bezala definitzen duten taldearen marka ofiziala.

“Hiru formazioen artean desberdintasun txiki batzuk egon daitezke, baina inola ere ez bizitzaren balore negoziaezinei eta familia eta haurren hezkuntzari dagokionean” adierazi zuen Miguel Aguilella, Partido Familia y Vidako Euskadiko ordezkariak Publicorekin izandako elkarrizketan.

Koalizioa, alderdi gehiagoren bila

Hiru partiduen arteko akordioa 2013ko azaroan sinatu bazuten ere, koalizioak lanean jarraitzen du abortuaren aurkako beste zenbait asoziazio hurbilarazi asmoz.

Etorkizuneko balizko hautagai da Coordinadora por la Vida, 61 antolakunde ultrakatolikok osatzen duten plataforma. Antolakunde horietako bat da Falange Española de las JONS ere.

Talde faxista oraingoz koalizio posibleetatik aparte badago ere, Aguilellak baieztatu du “puntu komun asko” daudela koordinakunde horren eta koalizioaren artean. Baina “pista gehiago ematea” baztertzen du.

Bestalde, Frantziako Fronte Nazionalarekin ere negoziatzen ari dira. Inkesten arabera europar hauteskundeetan parte hartze arrakastatsua izango duen alderdia da Marine Le Penena.

Espainiako eskuin muturra elkar joka

VOX, Santiago Abascalek sortutako alderdiarekiko jarrera ezkor eta kritikoa dute koalizioko kideek. “VOXeko ordezkari askok behin baino gehiagotan erakutsi dute ez direla bizitzaren aldekoak. Are gehiago, baten bat abortuaren aldekoa ere bada”, ohartarazi du Aguilellak.

Abortuaren legearen erreforma berriak ere ez ditu erradikalenak asetzen:  “Aurrerapen txikia  da, baina zirrikitu berberak hor daude oraindik, emakumeek abortatzea posible izan dezaten” baieztatu du PFyVko bozeramaileak.

“Familien ahotsa” europar instituzioetara eramango dutela baieztatu du koalizioak. “Bizitza sorkuntzatik amaiera naturalera arte” defendituko dutela eta horretarako “promozio, laguntza eta babes politikak” –gay eta lesbianek lekurik ez duten politikak– zabalduko dituztela iragarri dute.