argia.eus
INPRIMATU
Belen
Abortua legeztatzeko borroka
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 23a

Palestinaren aldeko aldarriak ia egunero ikusten ari garen Zinemaldi honetan, Dolores Fonzi argentinarrak abortuaren legeztapenaren borroka mahaigainera ekarri du modu biziki intentsuan. Hasieratik harrapatu eta hunkitu nau Belén pelikulak.

Istorio erreala da. 2014ra egin behar dugu atzera, Argentinako Tucuman hirira. 24 urte neska bat tripako min izugarri handi batekin ospitalera joango da, bere amak lagunduta, eta medikuek hasiera batean pentsatuko dute apendizitisa-edo duela. Bere kabuz komunera joango da emakumea; ordu laurden igaro eta itzultzen ez dela ikusita, erizaina laguntzera joango zaio. Ikusleok ez dugu ikusiko zer gertatzen den komunean, baina erizainaren eta pazientearen solasa bai entzungo dugu; antza, odola isuri du gazteak. Horregatik, medikuak ginekologia sailera bideratuko du pazientea. Han, ginekologoa lanean ari dela, lauzpabost polizia agente bortizki sartuko dira gelara, esanez fetu bat topatu dutela komunean, “haur jaioberri eraila”, eta emakume gaztea izango da lehen susmagarria. Han bertan atxilo hartu eta espetxera eramango dute.

Epaiketaren zain bi urte igaroko dira, baina alperrik, juizioa oso azalekoa eta bizkorra izango delako. Zortzi urteko espetxe zigorrera kondenatuko dute familiarteko baten homizidioagatik. Arestian aipatu dudanaz aparte, ez dute proba judizial gehiagorik.

Filmeko protagonista abokatu feminista bat da, epaiketa hori publiko artetik jarraitu duena. Behin emakumeari zortzi urteko espetxealdia ezarrita, zigortuaren abokatuak kasuari uko egin eta gure protagonistak hartuko du. Baina bada detaile esanguratsu bat: zigortu duten emakume gaztea ez zegoen haurdun, ez da bera izan abortatu dutena. Baizik eta berari leporatu diote beste batek egina. Horren probak bilduko ditu gure abokatu protagonistak, hori alde batetik; baina bestetik, kalean, abortuaren legeztapenaren alde antolatzen eta borrokatzen ariko dira bera eta bere ingurukoak.

Istorio gogorra da, oso gordina, baina baditu argi izpi dibertigarriak; nabari da film argentinarra dela. Badira zati umoretsu batzuk, detaile interesgarriak kontakizunari ukitu pertsonal bat emateko. Fonzik ondo josi du istorioa. Irudi eta soinu aldetik ez du beste munduko ezer eskaini, itxuraz gidoiari presentzia erabatekoa emate aldera.

Antolakuntza, borroka eta desobedientzia zibilak dakarren errepresio eta pertsekuzioa dira film honen zutabe nagusia. Eta estimatzen da. Halako film politikoak eta hain zuzenak (ere) behar ditu garai honek. Kristautasun sistemikoaren mantrak zanpatu eta borroka bat irabazi zen Argentinan; iritzi publikoa aldatu zen, gero abortua legeztatzeraino. Aurreikusi daitekeen moduan epikotasunez amaitzen da filma, oso high, oso bihotz-ukigarri.