argia.eus
INPRIMATU
Abortu eskubidea mugatzeko saiakerari zartakoa eman dio AEBetako Auzitegi Gorenak
  • AEBetako Auzitegi Gorenak atzera bota ditu Texaseko estatuan abortuak egiten dituzten osasun-zentro eta medikuei ezarritako mugak. Bost epailek bozkatu dute lege murriztaileen aurka, eta hiruk alde. Abortu eskubidearen aldeko azken 25 urteotako epairik esanguratsuena da.

Jon Torner Zabala @jtorner 2016ko ekainaren 28a
Abortu eskubidearen aldeko ekintzaileak pozarren, epaia ezagutu ostean (Arg.: Kevin Lamarque / Reuters).

Abortu eskubidearen aurkako "gurutzadak" –hala definitu dute hainbat hedabidek– Texaseko estatua du ikur, nahiz eta gehiengo errepublikanoa duten beste estatu batzuetan ere gisako legeak onartu dituzten. Auzitegi Gorenak onartutako epaiak horiengan ere izango du eraginik.

Texaseko Gobernuak baldintza zorrotzagoak ezarri nahi zizkien abortuak egiten dituzten klinika eta medikuei, osasun arretaren kalitatea hobetu eta "konplikazioak jasaten dituzten emakumeen osasuna babesteko". Aldiz, Auzitegi Gorenaren ustez, neurri horiek Konstituzioa urratzen dute, abortu eskubidea mugatzen dutelako. "Konplikazioak oso gutxitan ematen dira, eta arrisku maila oso-oso baxua da", dio Ruth Ginsburg epaileak idatzitako sententziak: "Texaseko legeak emakumeen osasuna babesten duela pentsatzea zentzugabea da".

Texaseko legea 2013an onartu zen, eta haren eraginez abortua praktikatzen zuten 41 osasun-zentroetatik 22 itxi dituzte hiru urtean. Gorenak neurriak baliogabetzea onartu izan ez balu, hamar baizik ez lirateke geratuko, abortu eskubidearen aldeko ekintzaileen hitzetan. Oinarrian, Texaseko legediak osasun-zentroak behartzen zituen ospitaleek izan behar duten ekipamendu bera izatera, baina horrek ez du eragin zuzenik horrek osasun arretaren kalitatean, epaileen iritziz.