argia.eus
INPRIMATU
Abortatzera doazen emakumeen kontra aritzen diren taldeak ez ditu ikertuko Nafarroako Gobernuak
  • Nafarroako Gobernuak ez ditu aztertuko Antsoaingo klinikara abortatzera joaten diren emakumeen aurka aritzen diren taldeak.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 19a
Abortuaren aldeko elkarretaratzea.
(Argazkia: Monika del Valle- Argazki Press)

«Nik dakidala, ez dute harririk botatzen, ez dute iraintzen... otoitz egiten dute. Dena bere neurrian hartu behar da». Hala mintzatu da bart PPko parlamentari Eloy Villanueva Nafarroako Parlamentuan, abortuak ekidin nahi dituztenei buruz galdetu ostean.

Klinika pribatuan izandako liskarren auzia atera dute oposizioko taldeek. Izan ere, mehatxuak salatu dituzte langileek. Foruzainek aztertzen ari direla diote. Dena den, oposizioko alderdiek uste dute Gobernuak berak egin beharko lukeela esku-hartzea.

Ezkerrako Marisa de Simón parlamentariak galdera zuzena egin dio Nafarroako Gobernuko Justizia, Presidentzia eta Barne kontseilari Javier Morrasi: “Nola babestuko duzue abortatzen duten emakumeen intimitatea?”

Morrasek, baina, ez dio erantzunik eman, eta bide judizialei erreferentzia eginez eskuak garbitu ditu: “Epaitegiek esango dute deliturik izan den”.

NaBaiko Nekane Perezek ere Ezkerrak hartutako bidetik jo du. Emakumeen “pribatutasuna” urratzea leporatu die klinikaren parean protestan aritzen direnei. Haren ustez, arazoaren muina da bide publikoan abortatu ezin izatea: «Erraz saihestuko genuke hau guztia abortuak zentro publikoetan egingo balira, eta heziketa sexual eta afektibo egoki bat egingo balitz".

Bilduko Victor Rubiok dio “sektak” daudela protestan, eta Gobernuari “beraien aldeko tratua” izatea leporatu dio.

Eztabaida bizia izan bada ere, ez ikertzearen aldeko hautua berretsi du UPN.

Apirilean Osasun Batzordean aurkeztutako txostenaren arabera, Nafarroako Gobernuak abortuak klinika publikoetan egitea merkeago izango litzateke, 205 eta 217 euro arteko kostua izango luke haurdunaldiaren etenaldi bakoitzak. Sare pribatuan, 454 euroko kostua dauka.

Aurpegiz aurpegi egindako erasoak

Bertaratzen diren emakumeei zuzeneko jazarpena egiten diete abortatzeko eskubidearen kontrakoek. Besteak beste, “Abortatzera zatoz? Hemen hilketak egiten dituzte”, “Klinika honetan haurrak hiltzen dira” eta “Gauean lasai lo eginen duzu?” esan diete. “Abortatzea erailtzea da” margoketa ere egin dute zentroaren atarian.

Zeintzuk dira taldeak?

Nafarroako Erreskatatzaileen Eskolak (Escuela de Rescate de Navarra) antolatzen ditu abortatzen dutenen jarrera gaitzesteko elkarretaratzeak, asteartero –hain zuzen ere, abortuak egiten dituzten egunean–.

Erne Nafarroa! (¡Alerta Navarra!) gazte erakundeak ere kontzentrazioak egiten ditu, hilero, azken ostiralean. “Bizitzaren aldeko errosarioa” errezatzen dute eraikinaren atarian.