Hegoaldean abortatzeko eskubideak bide legal bat egin du azken urteetan. Errepaso bat egin diogu.
Abortatzeko eskubidea, gaur egun
Emakumeek haurdunaldiaren 14. astera arte abortatzeko eskubidea daukate, inolako baldintzarik bete beharrik gabe.
22. astera arte luza daiteke abortatzeko aukera, baldin eta amaren bizitza edo osasuna arriskuan badaude edo fetuak anomalia larriak baldin baditu. Fetuak arazoak dituenean abortuak egiten dituzten bi medikuren txostenak behar dira.
Fetuak bizirik jarraitzeko aukerarik ez duenean, gaixotasun oso larria eta sendaezina duenean, abortatzeko epea mugagabea da.
1985eko legea
Abortatzeko eskubidea izateko hiru baldintza zeuden: bortxaketa, fetuaren malformazioak eta amaren osasun fisiko edo mentalaren arriskua. Lehenengoan 12. astera arteko epea zegoen abortatzeko, bigarrengoan 22. astera artekoa eta hirugarrenean ez zegoen epe mugarik.
Espainiako Gobernuak ezarri nahi duena
Epeen eredurik ez da aurreikusten. Bi baldintzatan abortatu ahalko da: bortxaketa jasan badu edo emakumearen osasun fisikoari eta psikikoari kalte larria eragiten bazaio.
Bortxaketa: salaketa jarri beharko da eta 12 asteko epea egongo da abortatzeko.
Amaren osasuna arriskuan: hiru sendagilek egiaztatu beharko dute osasun egoeraren larritasuna. 22. astera arteko epea egongo da abortatzeko.
16-18 urtekoek, orain arte ez bezala, gurasoen baimena beharko lukete abortatzeko.
Legeak aurreikusitakoa beteko ez balu medikua zigortuko lukete, ez abortatu duen emakumea.
2010etik hona Hego Euskal Herrian egin diren abortuen %95 delitu lirateke Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen lege berriaren arabera.