argia.eus
INPRIMATU
Ablazioa: tortura ala kultura?
  • XXI. mendean murgildurik gauden honetan eta giza eskubideak gero eta ozenago aldarrikatzen ditugun honetan, oraindik ere munduan zehar milaka dira ablazio edo mozketa genitala pairatzen duten emakumeak.

2008ko otsailaren 23a

Urtean bi milioi neskei egiten diete ablazioa; egunero 6.000 dira sufrimendu hori pairatzen dutenak; minutu batean bost emakume hain zuzen ere. Guztira, 130 milioi neska eta emakumek jasan dute ablazioa mundu osoan zehar eta jarraitzen dute egunero tradizio honekin herrialde ezberdinetan. Afrikako 28 herrialdeetan eta munduan beste hainbat herrialdeetan (Arabia Saudi, Yemen, Malaysia, Indonesia eta India adibidez) oraindik ere tradizio honekin jarraitzen dute. Gainera, azken urteotako migrazioaren ondorioz, Australia, Kanada, Zelanda Berria, Europa eta Ameriketako Estatu Batuetako leku askotan ere ablazio kasuak eman dira.

 

Ablazioa justifikatzeko arrazoi ezberdinak erabiltzen dituzte herrialde bakoitzean: emakumeen kastitatea bermatzea, emakumeen ezkongai ezaugarria bermatzea, bere senarrarentzat desiragarri izatea, tradizioa mantentzea, neskatoak otzanak izatea, emakumea gizonezkotik bereiztea, klitoria ezohizko neurrian hazi dadin ekiditea...

 

Mozketa egiteko arrazoi ezberdinetan oinarritzen diren arren, ondoriok herrialde guztietan berdinak eta ugariak dira. Ablazioa jasaten duten neskatoek, arrisku handiak pairatzen dituzte eta milaka emakume hil dira ablazioa egin ostean galdutako odol kopuruagatik edo infekzioengatik. Horrez gain, mozketaren ondorioz emakumeek bere sexuarekin gozatzeko aukera galtzen dute, eta ebakuntzaren ondoren min latzak jasan behar izaten dituzte.

 

Dena den, beraientzat kultura da eta ez dute tradizio hori min bezala ikusten, benetan sinesten dute mutilazioa ona dela. Gainera mozketa egiten dutenean, festa izaten da sendiarentzat eta neskari soineko bat, loreak eta gozokiak oparitzen dizkiote.

 

Tradizio hau mantentzen duten herrialdeak (Etiopia, Gambia, Mali, Nigeria, Burkina Faso, India, Indonesia eta Malaysia) kasualitatez nahiko pobreak dira guztiak eta tradizio hau gauzatzeko unean ere ez dira gutxieneko osasun neurriak hartzen. Hala, kasu askotan neskatoei ablazioa laban soil batekin, kristal zati batekin edo harri zorrotz batekin ere egin izan dute, anestesiarik gabe eta bestelako neurririk gabe.

 

Hiru ablazio mota

 

Ablazioa edo mozketa genitala normalean lau eta hamar urte arteko neskei egiten diete, baina Afrikako zenbait lekuetan haur jaioberriei eta neska gazteei ere egiten diete. Gainera zenbait lekutan ablazioa gero eta neska gazteagoei egiten hasiak dira, neska hauek informaziorik ez dezaten izan mozketaren inguruan.

 

Ablazio guztiak traumatikoak diren arren hiru mota ezberdin daude eta batzuk besteak baino larriagoak izan daitezke. Mozketa "arinena" musulmanen ohiturakoa da. Mozketa honetan klitoriaren ertz bat besterik ez dute mozten. Afrikako herrialde gehienetan egiten duten mozketan, berriz, klitoria mozten dute eta baita ezpain txikiak ere. Bigarren mozketa hau, garbitasunaren kontzeptuarekin lotzen dute. Hirugarren mozketa, traumatikoena, ezpain handien zati bat ere kendu egiten da. Bi ertzak josten dituzte eta zulo txiki bat besterik ez dute uzten txiza eta hilekoa irten ahal izateko. Hirugarren mozketa hau jasan duten emakume askok, harreman sexualak izan aurretik berriro beste ebakuntza bat jasan behar izaten dute zuloa berriz irekitzeko. Mozketa mota hau Egipton da ohikoa.

 

Dena den, gaur egun ablazioaren inguruan informazio asko dago eta elkarte eta erakunde ugari ari dira horren aurka lanean. Euskal Herrian bertan Haurralde Fundazioak mozketa genitalaren aurka dihardu Emakumeen Sexu-Organoen Mutilazioaren kontrako Komite Inter-Afrikarrarekin elkarlanean.

 

Bestalde, aurpegi ezagun ugarik ere tradizio basati honen aurkako jarrera erakutsi dute. Waris Dirie modelo afrikarrak, bere bizipenen berri eman zuen Flor del desierto (Desertuko lorea) izeneko liburuan. Ondoren, beste lau liburu ere argitaratu ditu bere bizipenak azalduz eta denborarekin fundazio bat ere sortu du: Waris Dirie Fundation. Elkarte honen helburua mozketa genitalaren aurka egitea da eta munduan zehar horren berri ematea.

 

Informazio gehiago