Zubiak Eraikiz herri plataformak Eusko Legebiltzarrean eskola publiko eta inklusiboaren aldeko ILP bat aurkeztu du. Ikastetxeetako segregazioarekin amaitzea du helburu eta, besteak beste, behar bereziak dituzten ikaslerik gabeko ikastetxeei laguntza publikoa eteteko proposamena jasotzen da.
“Hezkuntzan behar gehiago dituzten ikasleak ikastetxe jakin batzuetan batzen dira eta horrek gizarte desberdintasuna sustatzen du”, hala diote Zubiak Eraikiz plataformako kideek. Jaso dituzten datuen arabera, oinarrizko hezkuntzan itunpeko sarean etorkinen kopurua %32 dela diote; sare publikoan, aldiz, bi bider gehiago, %68. Datuok aldatu eta hezkuntza sistema orekatuago bat bultzatzeko asmoz, sinadura kanpaina abiarazi dute Eusko Legebiltzarrean herri ekimena eztabaidatu dezaten. Lau hilabete dituzte 10.000 sinadura jasotzeko.
Herri ekimena azaroan erregistratu zuten Gasteizko ganberan. Lehen aldia da Espainiako Estatuan lege proposamena sustatzeko ekimen bat internet bidezko sinadura bilketarekin egingo dela. Webgunea zabaldu dute informazio osoa eskainiz eta bertan sinatzeko aukera ere badago. Twitter kontu bat ere sortu dute.
Herri plataformak aurkeztutako txostena zortzi artikuluk osatzen dute. Neurrien artean, doako irakaskuntzaren alde egiten dute dokumentuaren egileek. Modu honetan, agintariek egoera aldatzeko “benetako borondatea” erakutsiko luketela berretsi dute eta “legez kanpoko kuotei” aurre egiteko aukera handiagoak izango litratekeela. Horretarako gardentasuna bermatzeko neurriak proposatzen dituzte eta diru publikoa jasotzen duten ikastetxeei jarraipen zorrotza egitea beharrezko jo dute. “Hezkuntza Sailak jarraipen zuzena egiten badie itunpeko ikastetxe horiei jasotzen duten diru publikoa behar bezala erabiltzen dutela jakingo dugu”. Ikasleen berdintasuna bultzatzeko neurririk hartu ezean, aipatutako laguntza publikoak etetearen aldeko jarrera agertu dute egileek.
Nafarroa eta EAE podiumean
Maila sozioekonomikoaren arabera hezkuntza segregazioa zenbatekoa den aztertu berri du ikerketa batek. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoak eta Europako herrialdeak konparatzen ditu txostenak eta emaitzak argiak dira: Nafarroan eta EAE bigarren eta hirugarren postuan daude, hurrenez hurren, maila sozioekonomikoaren araberako hezkuntza segregazioan Espainiako gainontzeko erkidegoekin alderatuz gero. Lehen postuan Madrilgo Erkidegoa dago baina bi euskal lurraldeek oso gertutik jarraitzen diote. Hala jaso du Asier Blas politologo eta EHUko irakasleak twitterrean.
Euskal progresia fake-aren adibidea: eskola segregazioa. Erkidego Autonomoen artean gehien segregatzen dutenen artean daude gureak. Iturria: https://t.co/3R8ck4JvSc pic.twitter.com/8QVuadNY73
— Asier Blas Mendoza (@AxiBM) February 11, 2018
Maila sozioekonomiko baxuena duten ikasleen %10arentzat erkidego segregatuenak: Madril (0,45), Nafarroa (0,39), EAE (0,39). Zilarrezko eta brontzezko domina segregazioan. Ey! Baina errefuxiatuak eta etorkinak ongi etorri ;-) Iturria: https://t.co/3R8ck4JvSc pic.twitter.com/z2CmQe6T5w
— Asier Blas Mendoza (@AxiBM) February 11, 2018