argia.eus
INPRIMATU
Abian da Ikasle Abertzaleek antolatutako Eskola Ibiltaria
  • “Herritik herriarentzat” eraikitako “Euskal eskola nazionala” aldarrikatuz abiatu da asteazkenean Ziburutik  Ikasle Abertzaleek antolatutako hamabigarren Eskola Ibiltaria. Hitzaldiak, jolasak, tailerrak eta beste hamaika jarduera uztartuko dituzte hiru egunetan. 30 lagun parte hartzen ari dira, eta ibilbidea Donostian bukatuko dute ostiralean.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 14a
Eskola Ibiltariaren hasiera ekitaldia (argazkia: Sylvain Sencristo)

Ikasle Abertzaleek aurten berreskuratu dute Eskola Ibiltaria, azken lau urteetan ez baita antolatu. “Hezkuntzaren eztabaida bizi-bizirik dago, eta euskal ikasleriaren aldarria plazaratzeko momentu ona da, ikasle mugimendua aktibo dagoelako”, adierazi diote Iraide Kintana eta Antxon Rodriguez IAko kideek Berria egunkariari.

Eskola Ibiltariak Frantzia eta Espainiako estatuen mugak hautsi nahi ditu. Horregatik, Lapurdin hasi eta Gipuzkoan bukatuko da ibilbidea. Ikasle Abertzaleek azaldu dute “Euskal Herri osoarentzako alternatiba” eraiki nahi dutela, nahiz eta erakunde nazionala ez izan.

Lehenengo egunean Hendaiako ikastolaren egoera eta Baxoa euskaraz egiteko zailtasunak izan dituzte hizpide Hendaian egindako hitzaldietan. Nazio eraikuntza izango da gai nagusia bigarren egunean, eta hirugarrenean Latinoamerikako ikasle mugimenduaz hitz egingo dute.

Arazoak hasiera ekitaldian

Ziburuko plazan egindako ekitaldiarekin ekin zioten Eskola Ibiltariari, baina aurreikusitakoa baino beranduago. Izan ere herriko auzapezak ekitaldia plaza erdian egitea debekatu zuen eta udaltzainak agertu eta alde egiteko eskatu zieten antolatzaileei. Azkenean, plazaren bazter batean egin behar izan zuten.

Eskola Ibiltaria Ziburu, Hendaia, Lezo eta Donostiatik pasako da. Topatu.info-k gertatzen den guztia bilduko du, eta egun bakoitzeko kronika plazaratuko du bere webgunean.