argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 - ANALISIA
Abian da “aldaketaren" hauteskundeetako kanpaina ofiziala: orain bai?
  • Ostiral honetan abiatu da datozen apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskunde kanpaina ofiziala. Inkesten arabera, EAJ eta EH Bilduren arteko emaitzak inoiz baino parekatuago egongo dira. Horregatik, aldaketa da hauteskunde hasiera honetako berba erabilienetakoa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko apirilaren 05
Argazkia: EH Bildu

Baina gauza bat da EH Bildu parlamentari kopurutan –ez bototan– EAJren aurretik jarri ahal izatea, eta beste bat Jaurlaritzaren aldaketa. EH Bilduren irabazte kontu horiek ez datoz ezerezetik, azken hauteskundeetako gorako joera etenbakoa baita. Eta jeltzaleen kasuan, berriz, joera alderantzizkoa da. Baina oraindik ez da inoiz gertatu, jeltzaleak oso goian egon dira eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak izan dira beti oparoenak haientzat.

Joerak hor daude eta errealitatea ere bai. ETAren amaierak hauspotuta, Bilduk oso emaitza onak lortu zituen 2011ko udal hauteskundeetan eta Amaiur koalizioak ere bai 2011ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Horregatik, giro politiko berri hartan, EH Bilduk ongi erabili zuen 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ gainditzeko giroa.

Hauteskunde horietako bere inoizko emaitzarik onena lortu zuen orduan ezker abertzaleak Laura Mintegirekin. Maialen Iriarterekin ez hain onak 2016an eta 2020an, baina onak hala ere. Hiruetan “aldaketak” oihartzun handia izan zuen, baina ez zen eman: hiruetan, EAJk 100.000 bototik gora atera zizkion EH Bilduri. Horregatik ere, eta oinak lurrean, ez da samurra irudikatzea Pello Otxandiano Imanol Pradalesen aurretik. Alabaina, denak adierazten du inoiz baino gertuago egongo dela.

Eta irabazita ere, egiazko gobernu aldaketa PSEren eskuetan dago, aldaketa, berez, lehenago ere eman ahal izango baitzen sozialistek hala nahi izan balute. Baina ez dute nahi izan, eta kasurik onenean, eskuzabala izanda, EAJren azken hamarkadetako politika neoliberalen laguntzaile sozialak izan dira. Gainera, ez dute hori ezkutatzen: jeltzale zein sozialisten aburuz, itun horrek egonkortasuna eta ongizatea eman die euskal erdiari. Harro saltzen dute, ongizate kontuetan NBEren rankinean EAE Kanadaren aurretik kokatzen dela, adibidez. Aberastasun horren nondik norakoez, ordea, ezer gutxi azaleratzen dute. Beraz, EH Bilduk irabazita ere, zergatik sartu harekin bestelako eremu konplexuagoetan?

Baina PSEz gain, bada PSOE ere, eta badira bestelako bainak. Horietatik garrantzitsuena moderazioaren eta gobernagarritasunaren esparruan EH Bildu egiten ari den bide esanguratsua. Aberri Egunean argi utzi zuen Arnaldo Otegik Iruñeko Takonerako hitzaldian: gobernagarritasuna, gobernagarritasuna eta gobernagarritasuna.

Espainiako Gobernuan Pedro Sánchezen makulu ezinbestekoa izan da EH Bildu azken urteetan, eta Nafarroako Gobernuan eta Iruñeko Udalean elkarlan urrats oso garrantzitsuak eman dituzte bi indarrek. Beraz, zergatik ez EAEn ere bai? Haize horiek gobernu aldaketaren aldekoak dira, nahiz eta, inkesten arabera, herritarrek nahiago duten EAJ-PSEren arteko gobernu bat EH Bildu-PSErena baino. Ondo, baina azken aukera honek ere jadanik ez du inor beldurtzen euskal gizartean. 2011-2015eko legealdiko Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintalditik EH Bilduk irakasgai garrantzitsuak jaso zituen egin eta egin ezin daitekeenaz.

Gainerako indarren garrantziak ez du zerikusirik iraganarekin. Hamarkada luzetan euskal sistema politikoa, oro har, lau alderditako sistema izan da, bi indartsuenak abertzaletasunean eta haiengandik gertu PSE eta PP-UPN espainiarzaleak. ETAren amaierarekin bat, ostera, sistema hori hautsi zen eta EAJ eta EH Bilduren bipartidismoa gailendu da. Bi horien egiazko makulua PSE da EAEn, baina egoera konplexu batean PP ere izan daiteke EAJrena. Urte luzetan haren boto emaileek oparo gizendu dute jeltzaleen boto-kutxa, bereziki Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Bazuten konfiantza Iñigo Urkullurengan, orain EAJk ez bezala.

Sumar eta Podemosi dagokienez, labanak airean inork baino hobeto taularatu dute ezkerraren zatiketa historiko eta odoltsuaren antzezlan zaharra, eta itxuraz, EH Bilduren diskurtso sozialak fagozitatuko ditu. Baina EH Bildu eta PSE azkenean akordio batera iritsiko balira, haien akuilu lirateke seguruenik.