argia.eus
INPRIMATU
Abian, agian bai
  • Ezker abertzalea egunotan egiten ari den 'Abian' eztabaida prozesuari buruzko iritzia.

Joseba Álvarez Forcada @josebaalvarez 2016ko otsailaren 29a

“Giza antolakunde guztiek iraungitze data daukate” esanez hasten da Lurralde Askea komunitate desobedientearen Konpromisoen Bildumaren sarrera. “Iritsi da bestelako paisaia sozial batera pasatzeko garaia. Askapen garaia da. Baina “Sorkuntza Borroka” delakoaren bidez egin behar dugu eraikitze lan hori, eta ez “Kontrako Borroka” ezagunarekin soilik”. Nola ez, kapitalismoaz ari gara aipamen horretan, baina beldur naiz estrategia politiko berria bideratzeko Ezker Abertzaleak azken bost urteotan garatu duen politikagintza, komunikazio eta funtzionamendu ereduari ere ez ote zaion iraungitze data iritsi. Estrategia berriak, aliantza politikak, indar metaketak eta bide soilik politikoen aldeko apustuak balio du, baina beste era batean garatzen badugu. 

Estrategia politiko zaharrarekin gure askapen prozesuan finkaturiko zenbait helburu eskura ezinak zirelako, ausardia osoz, estrategiaz aldatu genuen. Tamalez, bost urte hauetako politikagintza ereduak erakutsi digu fase honetarako, erdi epean, aurreikusten genituen hainbat urrats ere ez direla beteko: nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea eta gatazkaren ondorioen konponbiderako akordio politikoa. Uste baino zailago gertatzen ari zaigu trantsizioa, bide horretan lorpen esanguratsu eta uka ezinak eskuratu ditugun arren: Sorturen legeztatzea, EH Bai eta EH Bilduren sorrera, kudeaketa maila instituzional garrantzitsuak...

Baina ez da gauza berria, gure borrokaren historia luzean askotan gainditu baititugu iraungitze data eta asimilazio saio ezberdinak. Baina horiei  guztiei aurre egiteko, funtsezkoak izan dira beti herri gogoa, borrokarako grina, irudimena, desobedientzia eraikitzailea, ekintza zuzena eta, nola ez, ausardia politikoa. Horiek izan dira eta izango dira osatu behar dugun Euskal Bidearen ezaugarri nagusiak. Askatasunerako zein konponbiderako formulazio juridiko politiko onenak, beharrezkoak diren arren, ez baitira nahikoak atzetik herri osoa baten hauspoa ez badute.

Bitartean, duela 30/40 urte jaiotako belaunaldia ate joka dator eta, tokia egin ez, tokia utzi egin behar diegu, egitura osoan. Horrek ez du esan nahi inork etxera joan behar duenik, hemen ez dago inor soberan, askok beren burua birkokatu beharko duen arren. Izan ere, gazteak izango dira etorkizunean baldintza eta aukera politiko berriak sortuko dituztenak, funtzionamendu eta antolaketa eredu berriak martxan jarriko dituztenak. Ipar Euskal Herrian hala egin dute, arrakasta handiz gainera.

Bestetik, ABIANen bidez egin behar dugun eraldaketa handi honek gaur gaurkoz egituraren eta militantziaren zein oinarri sozialaren parte garrantzitsu baten arteko urruntze politiko eta bitala iraultzen lagundu behar du. Aurrera begira gure arteko desadostasunak eta dinamika kontrajarriak, uztargarriak eta osagarriak bihurtu behar ditu arlo ezberdinetan eta, bereziki, amnistiaren aldarrikapenaren norabidean sortu den liskarrean. Ez ditzagun antagonikoak bihurtu antagonikoak ez diren planteamenduak. Euskal Bideak zabala izan behar du, Euskal Herriko ezkerreko sektore politiko independentista eta abertzalea anitza delako eta guztiok bertan gustura sentitu behar dugulako. 

Gauzak horrela, azken urteotan izan dugun praktika politiko, diskurtso eta komunikazio konbentzionala baztertu eta berria sortu behar dugu, alternatiboa. ABIANen bidez, gure  praktika politikoak, diskurtsoak eta komunikazio politikak gertutasuna, ulergarritasuna, freskotasuna, baikortasuna eta erakargarritasuna berreskuratu behar ditu. Gure-gureak izan behar dute, integratzaileak, desobedienteak eta, batez ere, konfrontatzaileak. Ez da distentsiorako garaia, ez praktika politikoan eta ezta diskurtso eta komunikazioan ere. Eta horrekin batera, formakuntza politiko sakona bermatu behar dugu, ez baitago formakuntza sendorik gabeko militante eraldatzaile edota iraultzailerik, eta ezta teoria eta praktika eraldatzailea edota iraultzailea uztartzerik.

Azken urteotan, instituzioak, bulegoak eta hedabide handiak bihurtu ditugu gure borrokaren esparru nagusiak, ez bakarrak. Horretan okertu gara. Etorkizunean gure lehentasunezko borroka esparru nagusia, ez bakarra, “kaleak” izan behar du. Konfrontazioa bulego, instituzio eta hedabideetatik “kalera” atera behar dugu, eragile sozial eta jendarte mugimenduekin lan eginez, ezkerreko euskal mugimendu kultural, linguistiko, sozial, sindikal eta politiko independentista indartuz. Bide horretan funtsezkoak izango dira landuko ditugun mota ezberdineko aliantza sozialak, politikoak, indar metaketa, Fronte Zabala eta Herritar Bloke Independentista, baina bakoitzak bere praktika, bere diskurtsoa eta bere erreferente pertsonalekin, ezberdinak baina uztargarriak, osagarriak guztiak. Ezker Abertzalea ez da anti instituzionala, baina bere borrokaren esparru nagusia, eraldaketarako motorra, instituzioetatik at kokatu behar du.

Eraldaketa politiko nagusi honek euskal jendartearen baitan eta gure oinarri sozial eta militantearengan Ezker Abertzalearekiko sinesgarritasuna eta ilusioa berreskuratu behar ditu. Nazio eraikuntza zein eraldaketa soziala gure jarduera politikoaren erdigunean kokatu behar ditugu eta desobedientzia eraikitzailea, herri erresistentzia eta ekintza zuzena gure jardueraren ezaugarriak bihurtu, Ezker Abertzalearen bizitza politikoa konpromisoz, alaitasunez eta indarrez betez. “Kale” dinamikatan, proiektu alternatiboetan, Aske Guneetan, Herri Harresietan, gaztetxeetan, gune autogestionatuetan  edota ekintza zuzenetan parte hartzeko aukera izan dugun Ezker Abertzaleko kideok ondo, dakigu zertaz ari garen: Ezker Abertzalearen politikagintza eredua bizitzaz, emozioez bete nahi dugu. Abian, agian...

Joseba Alvarez, Sortuko militantea