Espainiako Estatuaren eta Nafarroaren arteko ituna "zaharkitua" dago, Kontuen Ganberak egindako txosten baten arabera. Jada 86 milioi euro gastatu ditu Nafarroak Abiadura Handiko Trena eraikitzeko.
Castejon-Iruñerria zatia baino ez du barnebiltzen Espainiaren eta Nafarroaren arteko AHTaren inguruko itunak; "zaharkituta" dago: bidaiarien garraioa besterik ez baitu aintzat hartu, ez merkantziena, ezta BEZaren aldaketa ere; hori gutxi balitz, proiektuak ingurugiroan izan dezakeen eragina ere ez du kontuan izan.
Horiek dira Nafarroaren eta Espainiaren arteko AHTaren inguruko hitzarmenak dauzkan gabeziak, Kontuen Ganberaren txostenaren arabera.
AHTaren lanek segituko ote duten jakiteko erantzun "argiagoa" galdegin du, halaber ganberak. Espainiak 44,5 milioi euro zor dizkio Nafarroari, gainera, eta Nafarroak, ildo berean, 86 milioi gastatu ditu.
"Errotik aldatu den oparoaldi ekonomikoaren garaian planteatu zen" egitasmoa, eat "sdministrazioen arazoek, defitarekiko Europaren betebeharrek, eta zorrak inbertsioan eragina izan dute, mantsotzen eta zati batzuk geratzen".
Bi bide dauzka Nafarroak. Bat, obrarik ez egitea eta AHTaren etorkizuna Espainiaren esku uztea. Bi, hitzarmen berri negoziatzea. Berritzekotan, "azterketa serioa" egin beharko luke Nafarroako Gobernuak, Kontuen Ganberaren aburuz.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra