argia.eus
INPRIMATU
Autobideen negozioa
Abertisek Nafarroako Bideko Autobidea erosi du
  • Udaz geroztik ari zen abian salmenta prozesua eta orduan 400 milioi euro inguruko prezioaz hitz egin zen hedabideetan. Orain ez da salmenta preziorik eman. UBS Suitzako bankuak egin du salmenta, autobidea egin zenetik hirugarrena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko abenduaren 07a
Argazkia: Bideko Autobidea

Abertis Espainiako enpresa erraldoia da eta azpiegiturak kudeatzen ditu, hala nola autobideak, aparkalekuak, telekomunikazioak, edota aireportuen eraikuntza eta kudeaketa. Azken hamar urteetan Abertisek Nafarroan egiten duen lehen inbertsioa da.

Salerosketak erakusten du Bideko Autobidea desiragarria dela inbertitzaileentzat, une hauetan balore segurua. Nafarroako Kutxak gidatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak eraiki zuen autobidea 2006rako. 2009an Infraestructure Panther (Deuthche Bank) Alemaniako inbertsio funtsari saldu zion, eta horrek UBSri 2017an, orduan aipatu zenez 450 bat milioi eurotan.

Negozio itzela

Ikusten denez, denek irabazten dute Nafarroa eta Logroño batzen dituen 70 kilometroko autobidearekin, denek salbu eta Nafarroako herritarrek. Nafarroako Gobernuak itzalpeko bidesarien bidez ordaintzen du azpiegitura hau, eta Nafarroako Kontuen Ganbarako eskaini izan dituen datuen arabera, ordainketa molde hori oso garestia ateratzen zaio Nafarroako altxor publikoari.

Autobidearen kontratua 2002koa da eta eraikitzea eta mantentze lanen truke, Nafarroako Gobernuak 30 urteko ordainketa epea finkatu zuen enpresa eraikitzaileekin. Horren arabera, foru gobernuak urtero diru kopuru bat ordaintzen du bidesari gisa: autobidea egiteak 389 milioi euro balio izan zuen eta Nafarroako Gobernuak 30 urteko epea hitzartu zuen ordainketarako. 2021erako, baina, gobernuak dagoeneko ordainduak zituen 604 milioi euro, Kontuen Ganbararen arabera. Aurten 56 milioi euro ordainduko ditu eta datorren urtean 64 milioi. 2025 eta 2030 artean beste 300 bat milioi euro izango dira.

UPNk abiarazi zuen ordainketa sistema hau eta bukaerarako, azpiegituraren kostua hasieran aurreikusitakoa baino ia hiru aldiz gehiago ateratzen zaio Nafarroako Gobernuari.