Aberria eta askatasuna

  • Euskaldunek Kubako independentzia gerretan izandako jokaeraz liburua  argitaratu du Txalapartak: Patria y libertad. Los vascos y las guerras de independencia de Cuba (1868-1898). Benetan gomendagarria. Irakurlea segituan konturatuko da euskaldunak mundutarrak garela. Liburua hezurmamitzen duen aferatako bat esklabotza da. Ezin bestela izan XIX. mendeko Kubaz aritzean. Eta esklabotzaz aritzean, ezin Julian Zulueta (1814-1878) aipatu gabe utzi, “Ameriketako azken negrero handia”, Hugh Thomasen aburuz.


2013ko urtarrilaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
XIX. mendeko Kubako esklabotza kapitalismoaren aurpegirik makurrena izan zen.

Lehenago ere ekarri izan ditugu gurera arabar tratantearen kontuak, eta pertsonaia horretan sakondu nahi duenak Eduardo Marreroren Julián de Zulueta y Amondo. Promotor del capitalismo en Cuba (Habana, 2006) liburua irakur dezake. Bestalde, dokumental bat ere abian da Angel Katarain eta Amaia Apaolazaren eskutik, Siete Calles de la Habana proiektuaren baitan (aurrerapena ikusteko, hemen).

Norbaitek pentsatzen badu Kubako esklabotza Moisesen denborako ohitura atzeratu baten azken uztarra zela, oso oker dago. XIX. mendean, ingelesek abolitua izanagatik ere, Kuban sekulako gorakada izan zuten azukre fabrika edo “ingenioek” eta eraginkortasun handiz –termino enpresariala erabiltzearren– esplotatzen zituzten ilegalki inportaturiko esklaboak. Esklabo trafikoak 1859an jo zuen goia: 30.473 gizon eta emakume eraman ziren urte horretan Antilletako irla handira.

Esklabotzaren alderdi kapitalista ikuspegi marxistarekin ikertzen lehena, Manuel Moreno Fraginals historialari handia izan zen, El ingenio (Habana, 1964) maisulan miretsian. “Erakusten digu nola gizarte batek erabili dezakeen produkzio teknologia aurreratuena eta bete-betean sartu munduko merkatuan, baina ez horregatik ihes egin azpigarapenari”, zioen Josep Fontanak, Críticak argitaraturiko edizio berriaren hitzaurrean.

Julian Zulueta, sakarokrata eta enpresari horien paradigma da. Ustiapen sistema modernoenak erabili zituen bere kanabera sailetan: baporezko makina berriak, ferrokarrilak, konpartimentuekin banandutako barrakoi erraldoiak… Motorra koipeztatzen den moduan, esklaboei txertoa jartzen zien, edota erietxera eraman funtzionatzen ez bazuten. Gizakiaren pribatizazio hutsa, ekoizpen gailu bihurtzeraino.

Baina halakoak ez dira hain arrotz gaur. Pribatizatzen ditugu ospitaleak, aurrezki kutxak, pentsioak… Langileak eta bezeroak esplotazio gordinaren balantzean sartzea besterik ez zaie falta konpainia handiei, herritarrak ere pribatizatzea, alegia.

Zorionez, badakigu pelikula nola amaitzen den. Haitin, Dutty Boukman apez buduak iratzarrita, milaka esklabo beltzek irlako zuri gehienak hil zituzten eta bertako ingenioak txikitu, 1804an askatasuna erdietsi zuten arte. Kuban aldiz, 1868ko urriaren 8ko ilunabarrean, Carlos Manuel de Cespedesek Demajaguako bere esklabo guztiak askatu zituen, eta matxetea eskuan oihu eginez, esklabotzaren abolizioa eta Kubaren independentzia ekarri zuen prozesu iraultzailea hasi zuten.

Hortik urte gutxira José Martík bere antzezlan sendoena idatzi zuen: Patria y libertad (pdf), aberria eta askatasuna.

(Oharra: artikulu honen jatorrizko bertsioa Urko Apaolazaren Angelu Itsua blogean argitaratu da).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunak esklabotzan
Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


2023-12-07 | Hala Bedi
Azukre Beltza, Julian de Zulueta esklabista arabarraz Irati Antiaren erakusketa Gasteizen

Julian de Zulueta esklabista arabarraren inguruko erakusketa ikusgai dago LABE espazioan.


2023-10-08 | Axier Lopez
Martín Rodrigo y Alharilla
“Euskal Herria ere nabarmentzen da esklabotzari buruzko memoria-politika ezagatik”

Nazio inperialistetan familia jakin batzuk izugarri aberastu eta elite ekonomiko berriak sortu zituen munduko sistema kolonial eta esklabistak. Aldi berean, kontinente oso bateko biztanleria erdira murriztu zuen: Afrika. Mundua errotik aldarazi zuen, eta egun ere indarrean... [+]


Esklabotzaren memoria Europan
Iragan ilunak auzitan jarri du gaurko aberastasuna

Europa esklabotzarekin aberastu zela ez da sekretua. Hainbat mendez milioika pertsona garraiatu zituzten Afrikatik Amerikara, eta esplotazio horri esker ekoiztutako kakaoa, azukrea eta kotoia izan ziren Liverpool, Bartzelona edo Bordele bezalako hirien garapen ekonomikoaren... [+]


Toussaint Louverture Haitiren askatzailea hil zela 220 urte igarota, bere borrokak bizirik dirau Bordelen

Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]


Eguneraketa berriak daude