Aberri Eguneko termometro epela

  • Aberri Egunak euskal independentismoaren termometro izan nahi bazuen, tenperatura aldakorra antzeman zen igandean. Independentistak sareak 25.000 lagun elkartu zituen Iruñeko kaleetan EH Bilduren parte hartzearekin eta EAJk Bilbon ospatu zuen. Mezuetan batasunik ez.


2014ko apirilaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Iruñean milaka lagun elkartu ziren Independentistak sarearen manifestazioan (argazkia: Noticias de Navarra).

Independentisten deialdiak erantzun zabala jaso zuen Iruñeko manifestazio nagusian, hitz bakarreko pankartaren atzean: “Independentzia”. Kolektibo horretako ordezkariak joan ziren manifestazio buruan eta bigarren planoan jarri ziren Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaleta eta EAko buru Peio Urizar, besteak beste. ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin zuten deialdiarekin.

Indar metaketa helburu

Kataluniara eta Eskoziara begira hitz egin zuen Independentisten bozeramaile Txutxi Ariznabarretak. Mobilizazioaren balorazio baikorra egin zuen sareak, Naizek astelehenean jaso zuenez: “Iruñean helburu guztiak bete genituela uste dugu, jendetza handia biltzeaz gain, gero eta gehiago dira filosofia honekin bat egin eta gure deialdira gehitzen diren eragile politiko, sindikal eta sozialak; bilatzen dugun aniztasuna errealitate bilakatzen ari da”.

EAJk “estatus berria” helburu

Jeltzaleek Bilbon ospatu zuten Aberri Eguna. Ekitaldian Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak burujabetzaren ildoan sakontzearen alde egin zuen, baina ez alde bakarreko urratsen bidetik.

EAJren aukera bestelakoa dela dio Pedro Gorospe kazetariak El Paísen: EAEko legebiltzarrean estatutuaren “sabaia” handitzeko akordioa bilatzea eta, horrekin batera, Espainiako Estatuarekin paktua lortzen saiatzea EAEk Europar Batasunean zuzenean parte hartu ahal izateko. Prozesu horren azken helburua Lisboako Itunaren berrikuntza bilatzea litzateke, hartara EBko kide kopurua zabaltzeko, kide diren estatuen barneko adostasunarekin.

Urkulluri kritikak

“Estatus berria” lortzeko bide horri ezezkoa eman diote publikoki PSEk eta PPk, Diario Vascok jaso duenez. Eta Sortu ere kritiko agertu da Urkullurekin: “Espainiako Estatuarekin elkarbizitza bilatzen duten diskurtsoek herri hau kale itsura daramate”.

EAJk ere izan zuen kritikarik ezker abertzalearentzat: Deiak jaso duenez, Andoni Ortuzarrek Bilboko ekitaldian ETAren jardueraren balantzea egiteko eskatu zuen. Gainera, KAS alternatiba bezalakoek utzi duten emaitza ezaz galdetu zuen.

Data kontuan izanda bestelakorik espero izatea ere ez zen erraza: Europako hauteskundeak ate joka daudenean, alderdiak ez dira argazkietan elkarrekin atera zale. Akaso ekainaren 8an Gure Esku Dagok antolatutako giza katea zita garrantzitsuagoa izango da Euskal Herriko independentismoaren termometro gisa, alderdiek baino, haien oinarriek hitza hartzea espero baita.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Independentismoa
Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-02-04 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude