argia.eus
INPRIMATU
Aberri Egunean Gernikan biltzera deitu du Jardunek
  • Koordinadorak "Euskal Herriko langile orori" luzatu dio deia parte hartzera. "Euskal Herri Langilearen identitatea" aldarrikatzeko eguna dela adierazi du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 20a
Jardun koordinadorak aberri eguna antolatu du Gernikan. (Argazkia: Jardun)

Jardun koordinadorak Gernikan antolatu du aurtengo Aberri Eguna, Apirilaren 9an. Prentsaurreko baten bitartez eman dio hasiera egunari begirako kanpaina politikoari.

Nazio auzia "Euskal Herri Langileak pairatzen duen klase zapalkuntzaren baitan" ulertu behar dela iritzi dio Jardunek, espainiar eta frantziar estatuen burgesientzat "traba" direnez, bere aurka egiten dutelako.  Aldi berean, salatu du "ukazioa" dela estatu horiek Euskal Herriaren aurka baliatzen duten "arma nagusia".

Nazio eta klase gatazka

Euskal burgesia ere zapalkuntza horren konplize dela salatu du Jardunek, nazio auzia erabiltzen duelako "langileen arteko banaketa sustatzeko" eta, "estatuetako burgesiarekin duen lehian" hobariak lortzeko presio elementu gisa. Adierazi dute "Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza egoera klase gatazkaren ondorio eta isla" dela, aldi berean.

Aberri Egunean Euskal Herri Langilearen identitatea aldarrikatzera deitu du koordinadorak, "bere suntsiketara bideratutako estrategiari" aurre egiteko. Aldarrikapenaren bitartez kontzientziazioari ekin nahi diote: "Langileok banatuta eta esplotatuta mantendu nahi gaituztenen jazarpenaren aurrean, elkartasunerako eta batasunerako eguna dugu". Apirilaren 9a "Euskal Herri Langileak euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntzan aurrerapausoak emateko eguna" dela azpimarratu du.