Batzuen patrikak hustu dira 2013an, munduko aberatsenen diru zakuek berriz, gainezka egin dute. 25 aberatsenen artean bakarrari, Carlos Slim mexikarrari, arindu zaio zakua.
Bloomberg atariak munduan altxorrik handiena duten 300 pertsonen bilakaera aztertu du. Guztien artean, 2013an, 2,7 bilioi euro irabazi dituzte, aurreko urtearekin alderatuz 383.000 milioi euro gehiago. Lehenengo 25 aberatsenen artean dago Carlos Slim mexikarra eta bera da talde horretatik gutxiago irabazi duen bakarra.
Bloombergek dioenez, merkatuen jokaerak eragin du aberastasunak gora egitea. Krisia krisi, burtsako indizeek gora egin dute eta aberatsenek onurak jaso dituzte. Lehen hiru postuetan ondokoak daude: Bill Gates (57.000 milioi euro, iaz baino 11.500 milioi euro gehiago), Carlos Slim mexikarra (53.519 milioi euro), Amancio Ortega espainiarra (48.000 milioi euro, iaz baino 6.500 milioi euro gehiago).
Munduko ehun aberatsenen artean zortzi dira emakumezkoak. Lehenengo biak Cristy Walton (9. postuan) eta Liliane Bettencourt (15. postuan) elikagai industriako bi handikiren alargunak dira. Ondoren datoz Jacqueline Mars (27.), Elaine Marshall (47.), Susanne Klatten (48), Iris Fontbona (60), Gina Rinhart (61) eta Laurene Jobs (79.)