argia.eus
INPRIMATU
Krisiari esker aberatsago: honela dago banatua munduko aberastasuna Credit Suisseren arabera
  • Credit Suisseren datuen arabera, munduko populazioaren %1ek –aberatsek, 667.000 euro edo gehiago dituztenek– gainontzeko %99ak adinako aberastasuna dauka. Krisiaren hasieraz geroztik pribilegiatu direnen eta gainontzeko guztien arteko zuloa areagotuz joan da, enpresa suitzarrak azaldu duenez.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 16a
Occupy Wall Street mugimenduak aberatsenek osaturiko elitearen aurkako protestak egiten ditu

Datu hauek urtero argitaratzen duen aberastasunari buruzko txostenaren baitan plazaratu ditu Credit Suissek. Ikerketa egiteko 200 herrialdetako 4.800 milioi pertsona galdekatu ditu, eta atera dituen ondorioak argigarriak dira: munduko populazioaren %0,7k aberastasun osoaren %45,2 dauka, eta %10 aberatsenak munduko aktiboen %88.

El Paiseko Ignacio Farzaren aburuz, banku suitzarrak argitaraturiko datuek irakurketa posible bakarra uzten dute: krisiaren amaieran aberatsak are aberatsago izango dira, eta txiroak aldiz, are txiroago. Credit Suissek azaldu duenez, aipaturiko arrakalaren handitze horren atzean finantza merkatuen hobekuntza legoke. Izan ere, pribilegiatuen aberastasunean eragin handia dute enpresen akzioen eta bestelako finantza aktiboen igoerek –pribilegiatu ez direnen kasuan gertatu ez bezala–.

Aberatsenen ia erdia AEBetan bizi da

Bestalde, finantza entitateak azpimarratu duenez, 2014ko erdialdetik aitzina oso aberatsen kopuruak behera egin duen arren –horren errua dolarraren indartzeari egozten dio– 500 milioitik gora dutenena zertxobait igo da –124.000 pertsona gehiago, hain zuzen–. Horrek, Farzaren ustez, desberdintasunen areagotzearen tesia indartzen du.

Aberastasunak herrialdeka eskaintzen dituen datuei erreparatuz gero, diru gehien dutenen ia erdia –59.000 pertsona– AEBetan bizi da. Aberats gehien dituen bigarren herrialdea Txina litzateke, 10.000rekin, eta hirugarrena Erresuma Batua, 5.400ekin.

Credit Suisseko Ondasunen Kudeatzailea den Michael O`Sullivan pozarren agertu zen argitaraturiko datuekin, esanez krisiaren hasieraz geroztik bere sektorearen hazkundea etengabea izan dela: “Gure industria garapen betean dago; aberastasunak gora egiten jarraituko du”. Ignacio Farzaren arabera, O`Sullivan ez dabil oso oker, milioi bat baino gehiago duten pertsonen kopurua %46 igoko baita datozen bost urteetan.