"Kafe instalazioa" antolatu dute Saran, gazteek laborantzaz hitz egiteko tertulia

  • ELB sindikatuko Gazte Taldeak "Kafe instalazioa" ekitaldien edizio berri bat antolatu du, ostegunean Saran burutuko den saiotik abiatuta. Laborantzaren egunerokoaz errazkiago mintzatzera ekartzen dituzte gazte eta ez hain gazteak, eskualdeka antolatutako sei hitzaldiotan.

Irudian, 2014 "Kafe instalazioa": nekazaritzan ari edo interesatzen diren gazteak bildu nahi dituzte saiootan. (Argazkia: Laborari)

2017ko abenduaren 12an - 08:48

ELB Gaztek eta AFIk antolatu zuten azken kafe instalazioa 2014ean izan zen Urdiñarben. Esperientzia aberats horren errepikatzeko xedea du aurtengo neguan ELBko laborari gazteen taldeak. Lehen hitzordua abenduaren 14eko finkatu da Saran.

Duela zonbait urte Iparraldeko eskualde desberdinetan antolatu ziren kafe instalazioek arrakasta pollita ukan zuten eta gazte andana bat hurbildu zen. Instalazioaren [baserri bat bere gain hartzearen] gaia estakuru gisa hartuz, instalatu berri, instalatzeko bidean edo laborantxari nola lotu pentsaketetan ari ziren gazteek ideien eta ikusmoldeen partekatzeko tokia atxeman zuten. Batzuek instalatzeko proiektuaren gogoetatzen ari ziren, beste batzuk aldiz instalatu berriak ziren eta gibelatze ttipi baten hartzeko parada izan zuten. Batzuek heien ibilbide luzeagoaz pundu bat egin zuten ere. Esperientzia eta proiektu desberdinen nahasteak eta trukatzeak gaualdi aberatsak sortu zituen eta parte hartzaile guziek bazuten zer pentsa etxerateko bidean.

Kafe instalazioaren funtsa hori baita: elgar ezagutzeko, trukatzeko, mintzatzeko, eztabaidatzeko edo entzuteko gune baten proposatzea giro goxo bat sortuz usaiaz kanpoko leku batean. “Nahiz eta ofizio eder bezain interesgarria egiten dugun, badakigu laborantzan denbora libro guti dugula. Zaila zauku batzuetan denbora hartzea gauzen pentsatzeko, besteekin partekatzeko, egunerokotasunaz urruntzeko eta ikuspundu orokor baten ukaiteko. Gehienetan jendarteak duen erritmo kuadratuaz kanpo gelditzen gira, lan tenoreak, asteburuak, bakantzak…” ohartarazten du Laura Irigarai, Azkarateko laborariak.

Bakartasuna haustea

Egoera sozialaz harat ere, egoera ekonomikoa aski aldakorra dela ere erran daiteke. “Garrantzitsua da laborantzak eta laborariek bizi dugun bakartasunaren haustea eta jendartearekin harremanetan segitzea. Beharrezkoa zauku biltzea eta hitz egitea, zendako ez hasi kafe instalazio

batekin?”, dio Peio Elizeitsek. Kafe instalazioen helburua tokian tokiko gaietaz hitz egitea da ere, lurraldearen berezitasunaz eta egoera sozio-ekonomikoaz, herritarren arranguretaz, laborari gazte eta ez hain gazteen bizipenetaz.

Usaiaz kanpoko lekuak ekartzen duen giro goxoak jendearen errexkiago mintzatzeko ahala emaiten du. “Bakotxak bere lekua atxemaiten ahal du

eta denek denen ohar, ikusmolde edo iritzietaz ikasten dute”, azpimarratzen du Peio Elizeitsek. Aurtengo negua baliatu nahi du taldeak berriz ere instalazioaren aipatzeko. Iparraldeko eskualde guzietan ibiliko da eta aldi huntan, lekuen arabera, tematika bat proposatuko du. Aldi oro bi pertsona

gomitatuak izanen dira eta bakotxak bere lekukotasuna ekarriko du. Ondotik, debate libre bat izanen da, edozoin galdera edo oharren egiteko tartearekin.

Hastapen batean tematika finko bat baldin bada ere, gaualdian zehar hainbat gai jorratzen ahalko dira, parte hartzaileen behar eta nahien arabera.

“Kafe “instalazioak” deitzen ditugu bainan argi dugu instalatzeko bidea transmisioaren bidearekin gurutzatu behar dela eta iduritzen zauku kafe instalazioa bidegurutze horietarik bat izaiten ahal dela”, dio Laura Irigaraik. Horregatik gomita luzatua da instalatu berri edo instalatzeari pentsatzen

duenari bainan ere erretretara hurbiltzen denari, laborari ez denari eta kurios denari.

Abendutik maiatzerat, sei saio

Sei kafe instalazio proposatuak dira abendutik maiatzerat:

- Saran, abenduaren 14ean, ostegun arratseko 9tan, Pleka Trinketan. Hegoa Mendiboure eta Joana Urbistondok heien ibilbidea aipatuko dute, gaualdiaren gaia lurra izanen dela.

- Donaixtin, urtarrilaren 25ean, Briseteia ostatuan, transmisioaren gaia aipatuko da instalatu berri den laborari batekin eta bere etxaldea uztekotan den beste batekin.

- Xiberuan, otsail hondarrean, mendiaren gaia jorratuko da.

- Bankan, martxo hondarrean elkarlanaz arituko dira.

- Heletan apiril hondarrean, Ossau Irati sormarka eta bere ondorioak aipatuko dira.

- Bastidan, maiatz erditsutan, laborantxa biologikoa izanen da gai nagusia.

Gomitak eta data zehaztuko dira ondoko asteetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude