Zisjordaniako horman garatzen ari den Lotsa proiektu artistikorako Israelen sartu nahi izan du Abel Azconak, baina debekatu egin diotela salatu du. Garbi du berak: “Arte politikoa lantzen baduzu eta sektore jakin batzuk kritikatu behar badituzu, jende horrek probokaziotzat hartzea da zerbait ongi egin duzun seinale”.
Hala mintzatu zitzaigun berriki. Azken finean, egiten duen arteak badu aktibismotik, “XXI. mendean arteak jada ez duelako objektu estetiko soila izan behar” eta polemiketara ohituta dago Iruñean hezitako artista, “tabuz beteta dagoen gizarte honetan gai deserosoak lantzen ditudalako”.
Lotsa proiektua 2017an abiatu zuen: Israelgo Gobernuak altxaturiko Zisjordaniako horman zehar, zuloetan, Berlingo hormako zatiak sartu zituen. Orain, proiektuaren azken irudiak hartzera sartu nahi zuten, baina ezin izan dute egin.
Kargaturiko pistolaren aurrean
80 herrialde baino gehiagotan erakutsi ditu inor epel uzten ez duten obra artistikoak: koranaren orriak jan ditu; galerian biluzik jarri eta bere gorputzarekin nahi dutena egiteko eskatu die ikusleei; kargaturiko pistola baten aurrean eseri da, mehatxu egin dioten kolektiboei adieraziz tiro egin diezaioketela; "pederastia" hitza idatzi du ostia kontsakratuak erabiliz; “Make America Great Again” tatuatu du ipurtzuloan…
Ugari dira zentsuratu dizkioten obrak eta auzitara ere eraman nahi dute. Eliza Katolikoaren barruan urtetan onarturiko pederastia salatu zuen Iruñean egindako performance batean eta sentimendu erlijiosoen aurkako gorroto delitua leporatuta deklaratzera deitu du epaileak. Nahiago izan du desobeditu eta Lisboara erbesteratu, nahiz eta lehenago edo beranduago atxilotuko dutela dioen.
Horri guztiari buruz elkarrizketa egin genion ARGIAn: “Eroso sentitzen naiz mehatxu eta gorroto giro horretan, zoriontzen nautenean baino erosoago".