Huerta de Peraltako langilearekiko elkartasun kanpaina aurkeztu dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Joan den abenduan aurrera eramandako greba eta gatazkaren ondorioz Abdenabi Mellasek bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta bost urteko kanporaldia izan dezake.
LAB sindikatuak ekaina hasieran salatu zuen Tafallako Huerta de Peraltako greban murgilduta izan ziren langileak jazartzen ari zirela isunen bidez eta fiskaltzak espetxe zigor eskaera ere egin zuela haietako batentzat. Greba hartan hainbat astez aritu ziren borrokan eta euren lan baldintzak hobetzea lortu zuten laborari langileek, baina orain etorri da ordaina.
Hala, #AbdenabiLibre eta gurekin kanpaina jarri dute martxan sindikatu eta kolektibo ugarik, "eskubide sozial eta laboralen alde borrokatzea ez delako delitua". Kanpaina ostegun goizean aurkeztu dute Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian, eta dozenaka lagun bildu dira langileari elkartasuna adierazteko.
Ez da mobilizazio bakarra izango, ostiralean, ekainak 28, elkarretaratze zaratatsua egingo dute Tafallako epaitegiaren aurrean LABek deituta, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Fiskaltzak eta foru poliziak "autoritateari eraso egitea" egozten diote Abdenabi Mellaseri. Horren aurrean, bideo bat plazaratu dute indarkeria zeinek eragin duen erakusten duena:
Bi urte eta erdiko kartzela zigorraz gain, 2.500 euroko isuna eskatu dute langilearentzat: "Atzerritarren Legearen eraginez horrek esan nahi du bost urterako kanporaldia izango lukeela", azaldu du Mugak Zabalduz elkarteak. Haren kontrako karguak erretiratzeko eskatu dute, "gurekin lan egin eta bizitzen segi dezan".