argia.eus
INPRIMATU
Abantoko alkate jeltzalea herria zeharkatuko lukeen argindar linea proiektuaren aurka agertu da
  • "Kalte nabarmena" eragingo luke proiektuak, alkatearen esanetan. Abantoko EAJ, ""eragin txikiagoko" alternatiben alde kokatu da, "nahiz eta aukera horien kostu ekonomikoa handiagoa izan".

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 10
Hernaniko elektrizitate azpiestazioa. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Abantoko alkate Iñaki Urrutia, Solaria energia berriztagarrien enpresaren proiektuen aurka agertu da publikoki, udalerriak jasango lukeen "inpaktu bisual handia" dela eta, besteak beste. Alkatearen iritziz energia berriztagarriak bultzatzea ezinbestekoa da, baina garapena ezin da "edonola" egin. Urrutiak ez du begi onez ikusten oro har Abanto eta Castro (Kantabria) artean I-DE Redes Electricas Inteligentes enpresak eraiki nahi duen 132 kilowatteko tentsio altuko linea. Proiektuaren baitan eraikiko lituzketen bi lineek herria ipar-hego norabidean zeharkatuko lukete, "kalte nabarmena eginez natura eremuetan, landagunetan, herriguneetan eta hainbat azpiegituretan".

Herriko EAJk prentsa ohar batean adierazi duenez, ez du proiektuekin bat egiten eta "irtenbide alternatiboak" garatzeko lan egingo du. Udal gobernutik proiektuak garatzeko "eragin txikiagoko aukerak" daudela adierazi dute, "nahiz eta aukera horien kostu ekonomikoa handiagoa izan".

Proiektuei alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu du alkateak, udako opor garaian ireki baita, eta horrek, "30 egunetan proiektuak eraginkortasunez aztertzea zailtzen du". Energia iturri berriztagarrien garapenerako elkarrizketan aritzeko prest agertu da udala, baina "betiere herria babestuz".