argia.eus
INPRIMATU
Aaron Swartz hil da, RSSaren egileetako bat eta Creative Commonsen “arkitektoa”
  • 26 urterekin bere buruaz beste egin du Aaron Swartz informatikariak. New Yorken zeukan etxebizitzan aurkitu zuten hilda joan den ostiralean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urtarrilaren 14a
Aaron Swartz (argazkia: The Telegraph).

Swartz gazte hasi zen hainbat proiektu informatikotan parte hartzen. Creative Commons erakundearen sortzaile Lawrence Lessigek gogora ekarri duenez, nerabea zenean lagundu zuen CC erako lizentziak garatzen eta haiek zabaltzeko mugimenduan.

Horren aurretik RSS 1.0ren egileetako bat izan zen, Reddit wegbunea sortzen lagundu zuen eta Archive.org biltegi digital librearen hasieran ere egon zen. Oro har, Internet librearen aldeko ekintza ugaritan hartu zuen parte.

Legearekin arazoak

2009an AEBetako sistema judizialaren datu-baseko dokumentuen %20 argitaratu zuen eta horren ondoren FBIk zaintzapean eduki zuen.

2011. urtean JSTOR liburutegi digitaletik 4 milioi artikulu akademiko deskargatu eta zabaldu ostean hasi zen Swartzen aurkako jazarpena areagotzen. Bere buruaz beste egin zuen egunean, milioi bat dolarreko isunak ordaindu beharko zituzkeen errudun jo izan balute eta 35 urte baino gehiago pasa beharko zituen kartzelan.

Swartzi buruz gehiago jakiteko, irakurri Ana Malagonek Samuraitasuna blogean idatzi duen artikulua.