argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
A2/AD estrategia militarra: itsas gudua jolasa ez denean
  • Itsas guduen jolaseko zerbait dirudi eta, egiazki, badu zerikusia. Baina benetako guduekin. Duela hamarkada bat plazaratu zen barrunbe militarretatik, anglosferan jakina, akronimoa, berez nahiko kriptikoa zen “Anti-access/Area Denial” esamoldea laburtzeko. “Ingurune operatibo baterako sarbidea besteei eragozteko eta haren barnealdea norberak kontrolatzeko estrategia militarra” esan nahi omen du.

Mikel Aramendi 2025eko urriaren 07a
Batez ere 2013 eta 2016 bitartean hasi zen erabiltzen A2/AD, Txinak han bere “irla estrategikoak” eraiki eta baliabide militarrez hornitu zituenetik aurrera. Shutterstock.com/Ivan Marc

Testuinguru zehatz baterako, Txina Hegoaldeko Itsasorako, hasi zen erabiltzen arrunki; batez ere 2013 eta 2016 bitartean Txinak han bere “irla estrategikoak” eraiki eta baliabide militarrez hornitu zituenetik aurrera. Gertakari zehatz baten harira hedatu eta orokortzeko joera hartu zuela esan dezakegu, ordea.

2020ko uda zen ipar hemisferioan, eta COVID-19aren lehen zaparradari nola aurre egin asmatu ezinik genbiltzan oraindik oinezko arruntok, hedabideetan apenas islatu ziren gorabehera batzuk gertatu zirenean. Lehendabizi, bi hegazkin-ontzi estatubatuarrek, zein bere ontzidi-segizioarekin, zeharkatu zuten Txina Hegoaldeko Itsasoa, “nabigazio-askatasuna” egikaritzea aitzakia zutela; askoz apalagoan, beste hainbat gerraontzik aurretiaz egina zuten moduan. Abuztu hartako “diosala” bestelakoa izan zen, halere.

Handik egun gutxira, Hegoaldeko Armada txinatarrak ariketa zabalak egin zituen bertan, benetako sua erabiliz eta, besteak beste, DF-26 eta DF-21 misilak jaurtikiz. Ezin argiagoa zen mehatxua: ezagutzera eman zirenetik, “carrier killer” izengoitia eman ohi diete biei ala biei estatubatuar iruzkingileek; eta, endemas, “Guam killer” ere deitu ohi diote lehendabizikoari, hango base amerikarra ere haren irismenaren pean omen legokeelako. Zalantzarik gera ez zedin edo, bozeramaile ofizial kualifikatuenak editorialean azaldu zuen gaia ohi baino xeheago handik gutxira.

A2/AD ariketa ezin nabarmenagoa izan zen... eta arrakastatsua, esan beharko, harez geroztik oso noizean behin eta pasadizo azkarrean baino ez baitira agertu gerraontzi estatubatuarrak han. Eta Taiwango itsasartean. Eta...

Kontua da A2/AD estrategia txinatar horren izaera bera eztabaidagai izanik ere, haren oinarri litzatekeen haren tresneria militarra –etengabe hazten ari den DF saileko misileria, batik bat– egitate ukaezina dela. Eta irailaren 3ko desfileak iradoki duenaren arabera, Txina Hegoaldeko Itsasoa baino askoz urrutiago dauden itsasaldeetaraino iritsiko litzatekeela sarbidea eragozteko gaitasun hori. Hau da, “Txinari eustea” ardatz duen estrategia estatubatuarra, gero eta kimerikoagoa izan daitekeela.

Edo norbaitek uste ote du “lehen irla-kateko aliatuek” (Japonia-Taiwan-Filipinak) egin beharko dutela euste-lan hori, lepoa eginez?