"Zer egingo dugu, arma fabrikak konbertitu, edo txalo jo gerrak daudelako?"

  • Mikel Oterok (EH Bildu) salaketa hau egin zuen urriaren 20an Eusko Legebiltzarrean: "Bilboko portutik armamentuz kargatutako ehunka edukiontzi ateratzen dira Saudi Arabiara. Arma horiek gerra krimenak egiteko erabiltzen dira, etikaren eta legearen aurka. Eta hori gertatu dadin, beharrezkoak dira kolaborazio edo utzikeriak. Gaur aztertu nahi dut, Jaurlaritzaren kolaboraziorik baden".


2017ko urriaren 21an - 07:15

Hemen ikus dezakegu hitzartzea osorik, gazteleraz.

"Edukiontzi horietan zer doan ez da zehazten, erabakiak Sekretu Ofizialeko lege frankistaren arabera hartzen baitira. Asier Atutxa, Bilboko portuko lehendakariak aitortu digu berak edukiontzi horien pisua ezagutzen duela, ez barruan dagoena. Izan daitezke leherkariak, granada-jaurtitzaileak edo Zamorako saltxitxoiak. Gauza asko dira ez dakizkigunak, baina beste gauza batzuk badakizkigu, gaia azalarazi zuen suhiltzaileari esker, ez Eusko Jaurlaritzari esker. Adi dagoen jendeari esker dakigu, hilero etortzen dela Saudi Arabiako ontzi bat kargamentu hau eramatera: azken urtean 10.000 tonatik gora, eta azken kargamentua, aste honetan bertan eraman dute. Badakigu, Defentsa Ministerioaren txostenei esker eta Kontrolik Gabeko Armak txostenari esker, Saudi Arabia arma erosle handi bat dela: 650 milioi euro gastatu ditu, Yemenen bonbardaketak hasi zirenetik".

"Eta badakigu, Katalan sediziozaleei esker, non egiten den armamentu hori: abuztu bukaeran, atentatuaren manifestazioaren harira, Erregea Saudi Arabiako armekin trafikatzeaz salatu zuten, eta egun gutxira ABCk grafiko bat atera zuen Espainiako Estatuko armamentuaren %25 Katalunian egiten zela, konplize zirela adieraziz. Baina grafiko horrek erakusten du %50 ia EAEn ekoitzi dela".

Saudi Arabiak Yemenen aurka egindako erasoak

NATOren 2016ko txosten batek azaldu zituen Saudi Arabiaren gerra krimenak: 116 eraso airetik eginak, Yemengo herritarren aurka egindakoak. Eraso horiek gizatasunaren aurkako krimen eta nazioarteko legearen aurkakotzat izendatzen ditu, sistematikoak direla dio, eta eskola eta ospitaleen aurka ere egindakoak direla. Gaurko egunarekin, "bakearen perturbadore" izendatzen diren 800 bonbardaketa egin dituzte. 2016ko ekainean Ban Ki-moon-ek aurkeztu zuen urteroko txostena gatazka armatuak eta umeei buruzkoa. Hor esaten du Saudi Arabia buru duen kanpaina militarra dela Yemengo gerran hildako adin txikiko 785en %60ren erantzulea. Gerra krimena dela eta umeen eskubideen konbentzioa ez duela errespetatzen. Nazio Batuen maiatza honetako txostenaren arabera, 19 milioi yemendarrek ez dute elikagairik, bonba eta misilak herrialde eraitsira erortzen jarraitzen duten bitartean".

"Maiatzekoa da beste argazki hau ere. Helena Malenok eskatzen zigun jar diezaiegula izena munduko inor horiei. Yalila izena du. Yalila maiatzean hil zen, Saudi Arabia bonbardatzen ari delako Yemengo portua, horrela eragotziz elikagaiak iristea".

Espainiako Gobernua konplize?

"Ez dut inongo dudarik Espainiako Gobernua zinikoa dela eta legez kanpo dabilela. Eta guztiok eramaten gaitu amildegi horretara. Amnistia Internazionalaren abisu bat: armak transferitzeko baimenak ez badu urrezko araua betetzen, alegia, ez basakeriak egiteko erabiltzea, ez du soilik arma komertzioen tratatua bortxatzen, baizik, Espainia ere arduradun izan daiteke laguntza emateagatik edo nazioartean zilegi ez den ekintza batean parte izateagatik. Eta hor parte hartzen duten pertsonek, jakinik zertan ari diren, konplizetzat hartu ditzake zuzenbideak. Bada bai, dagoeneko jakinaren gainean gaude".

Mikel Otero urriaren 20an Legebiltzarrean armagintzari buruzko hitzartzea egiten.

Arma industria konbertitu edo gerrengatik poztu?

"Arrazoi, Arantza Tapia, ezin diogu azken mailari soilik begiratu, Bilboko portuari. Begirada altxa behar dugu, zeren arazoa oso larria da eta belarrietaraino sartuta gaude. Irudipena dut Eusko Jaurlaritza beti, ez oraingoa soilik, askoz gehiago arduratu dela euskal armagintzak pastelaren bere zatia bermatua izan dezala, arma horiekin zer gertatzen den jakiteaz baino. Horretarako erabili da diplomazia, diru publikoa, sektore horren irudia garbitzea... Hori guztia egin da eta gaizki egina dago, baina ez du esan nahi berdin egiten jarraitu behar denik. Zer egin behar dugu? arma fabrikak konbertitu, edo txalo jo gerrak daudelako arma gehiago ekoiztu ahal izateko? Edo azaldu egin behar al zaio ganbara honi, arma ekoizpena egoteko armak erabili egin behar direla? Zuk esango badidazu arma industriaren nazioartekotzea giza eskubideak zainduz egin dela, esango dizut ez dela horrela, ez behintzat guztientzat".

 

Euskal armagintzari buruz gehiago jakiteko, Etxean uso kanpoan kondor erreportajea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude