argia.eus
INPRIMATU
Zelaia eta Barbadori babesa erakutsi diete 1.000 lagun baino gehiagok Amurrion
  • ANkerkeriari STOP! plataformak deitu du agerraldia, Zelaia eta Barbadori Auzitegi Gorenak ezarri dien zigorraren eta jarraitu duten prozedimenduaren aurka.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 05
Argazkia: Andima Errazti - Aiaraldea

Igandean elkartu dira 1.200 lagun Amurrioko (Araba) Zabaleko Eskolan, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren alde. ANkerkeriari STOP! plataformak dioenez, gertatutakoa salatzeaz gain, ahal duten babes handiena erakutsi nahi diete zigortuak izan diren Zelaia eta Barbadori.

Bildutako herritarren artean izan dira, besteak beste, EH Bilduko legebiltzarkidea Julen Arzuaga, Artziniegako alkate Joseba Vivanco, Urduñako alkate Itziar Biguri , Arakaldoko alkate Jabi Asurmendi, Iker Larrazabal pelotaria, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel eta Galder Arrillaga, Mikel Ayllon idazlea, Malen Atxa bakarlaria eta errepresaliatu ohi zenbait (Alfredo Remirez, Julen Ibarrola, Adur Ramirez de Alda edota Jokin Unamuno).

Madalen Muguruzak eta Miren Lapitzek hartu dute hitza deialdia antolatu duen plataformaren izenean. Aiaraldea.eus-ek jaso ditu beraien adierazpenak. Esan dute 2019ko otsailaren 7an hasi zela "amesgaizto" hau. Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu eta Madrilera eraman zituen Ertzaintzak, eta sei hilabeteko espetxealdiaren ostean 2021eko urtarrilean izan zuten epaiketa Auzitegi Nazionalean. Lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa jaso zuten. Auzitegi Gorenera bideratu zen kasua, abokatu eta fiskaltzaren helegite judizialen ondorioz. Bi urte baino gehiago pasa dituzte erantzunaren zain, eta azkenean Auzitegi Gorenak zigor hura berrestea erabaki du. "Ebazpen honen aurrean, ANkerkeria beste izenik ez duen kasu honen aurrean, eta lehenengo egunetik egin dugun bezala, prozesuaren anakronismoa eta krudelkeria salatu nahi ditugu", esan dute plataformako kideek.

Udan antolatuko dituzten mobilizazioetara deitu dituzte herritarrak, kasu honen ankerkeria salatzeko helburuarekin. Beste testuinguru batera mugitzeko nahia adierazi dute, "iraganean ez gelditzeko nahia", nahiz eta "badauden batzuk iragan horretan utzi nahi dutenak Euskal Herria".