argia.eus
INPRIMATU
Lizarrako nekazal produktuen merkatua kinkan dagoela salatu dute
  • Etxetik ekarritako produktuen nekazal salmenta, eta komertzio handietan eskuragai daudenak aurrez aurre daude Euskal Herrian. Lizarran eztabaida pil-pilean dute. Navarra Sumak alkatetza lortu zuenetik, Lizarraldeko nekazal produktuen Plazara! merkatua arriskuan dagoela salatu dute.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 08a
Lizarraldeko nekazarien Plazara! merkatua

Plazara!-k Lizarraldeko dozenaka nekazari merkatu batean biltzen ditu hilabete guztietako bigarren larunbatean. Azaroaren 9an da hurrengo merkatua, baina “gero eta zailtasun handiagoak” izaten ari direla jakinarazi dio ARGIAri Ester Montero ekimenaren koordinatzaileak.

Pil-pilean dagoen auzia da Lizarran. Maiatzean udalean aldaketa izan zen. EH Bildu alkatetzatik kendu, eta Navarra Sumak PSNren babesarekin gobernatzen du gaur egun. Agintaldiaren lehen hilabeteetan hartu duten erabakietako bat herriaren inguruko nekazarien kaltean izan da: Plazara! nekazal ekimenari ematen ohi zitzaizkion diru-laguntzak kentzea erabaki dute urrian.

Urtebete baino gehiago daraman proiektua “herrian babes handia” irabazten ari dela esan du Monterok: “Oinarriak finkatzen joan den proiektua da, eta bertako nekazaritza txiki jasangarriari balioa emateko aukera bilakatu da”, azaldu du.

Ekimenaren etorkizuna

Merkatuak jarraipena izan dezan, ekimeneko kideek Lizarrako Komertzio zinegotziarekin batzartzea eskatu dutela esan du Monterok, “beraiek proiektuarekiko duten ikuspuntua azaltzeko”. Hala ere, oraindik ez dutela erantzunik jaso jakinarazi du. Etorkizun “zaila” ikusten dio proiektuari, “baldin egoera aldatzen ez bada”. Aitortu du “oso kezkatuta” daudela.

Ekologistak Martxan plataformak Jatorra sariarekin Lizarran antolatzen den merkatuari aipamen berezi bat egin zioten. Herri ugaritan dagoen kezka da zero kilometroko produktuek duten ikusgarritasuna komertzio handiekin alderatuta.