argia.eus
INPRIMATU
9.500 euroko isuna L214 talde animalistarentzat, Mauleko hiltegiko irudiak jaso eta zabaltzeagatik
  • Talde animalistak Mauleko hiltegian burutzen ziren animalienganako tratu txarrak jaso zituen kamera ezkutuen bidez. Langileen pribatutasuna urratzea leporatuta epaitu dituzte, eta 9.500 euroko isuna jarri.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 19a

Urriaren 14an egin zioten epaiketa L214 talde animalistari Pauen (Okzitania), Mauleko hiltegiko langileen pribatutasuna urratzea leporatuta. Prokuradoreak 10.000 euroko isuna eskatu zuen, eta honen eskaria asetzetik gertu dagoen epaia eman du Pauko Auzitegiak: 9.500 euroko isuna. L214 taldeari 5.000 euroko isuna jarri dio epaimahaiak, eta auzipetutako hiru pertsonei 1.500 euroko kalte ordainak, buruko.

Prokuradorearen arabera, bi delitu burutu ditu taldeak: hiltegira sartu zen pertsonaren esku bideokamerak utzi izana batetik —kamerak jarri zituen kidearen identitatea ez da ezagutzen—, eta bideoak langileen identitatea ezkutatu gabe zabaldu izana bestetik. Hori horrela, langileen pribatutasuna urratzea leporatu diete.

Talde animalistak 2016an jarri zituen kamera ezkutuak Mauleko hiltegian, eta animaliei ematen zitzaien tratu txarra bistaratzen zuten irudiak jaso zituzten. Irudiek, beren gogortasuna tarteko, oihartzuna izan zuten. Ondorioz, Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari eta zenbait langileri zigorrak ezarri zitzaizkien, “engainua” eta “beharrik gabeko tratu txarrak” leporatuta. Zigorrik gogorrenak "engainuari" lotutakoak ziren; hiltegiak labela izanik, hainbat puntutan neurri egokiak hartu ez izanagatik zigortu zituzten.

Irudien oihartzuna tarteko, Frantziako Gobernua ere mintzatu zen gaiaz, eta iragarri zuen neurriak hartuko zituela animaliek hiltegietan tratu txarrak jasan ez zitzaten.

Mauleko auzapezak behin-behinean itxi zuen hiltegia, eta arauak berrituta, irekita dago egun.

L214 taldeak Mauleko hiltegiko irudiekin publiko egindako bideoa