Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta hark ere ez du kartzelan sartu beharko.
Iruñeko 92 urteko gizon bati bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Nafarroako Probintzia Auzitegiak, bera zaintzen zuen emakumeari sexu eraso jarraituak egiteagatik. Gizonak onartu du egindakoa, eta eragindako kalteengatik 5.000 euroko kalte ordainak ordaindu dizkio emakumeari; hori eginda, hasierako sei urteko zigorra bi urtera gutxitu diote, eta ez du kartzelara sartu beharko.
Kasu bertsua izan da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian ere: gizon batek onartu egin du bikotekideari bost urtez sexu abusuak modu jarraituan egin zizkiola, eta 13.000 euroko kalte ordainak ordaindu ostean, ez du kartzelan sartu beharko; baldin eta bost urtean deliturik egiten ez badu eta alkoholarekiko duen mendekotasuna gainditzeko prozesua betetzen badu. Hain zuzen ere, bi aringarri izan ditu gizonak kartzela zigorra saihesteko: batetik, kalte ordainak ordaintzea, eta, bestetik alkoholarekiko menpekotasuna.
Bi gizonek iskin egin diote kartzela zigorrari, baina bestelako kautelazko neurriak izango dituzte. Iruñekoa bost urtez egongo da zaintzapeko askatasunean eta 300 metroko urruntze agindua izango du; Gipuzkoakoak, aldiz, hamahiru urtez ezingo du emakumearekin kontakturik izan, zazpi urtez izango du zaintzapeko askatasuna eta beste zazpi urtean ezingo du adingabeen arloetan lanik egin. Komunitatearen aldeko lanak ere egin beharko ditu, bi hilabetez.