argia.eus
INPRIMATU
92 migratzaile biluzik erreskatatu dituzte Grezian, eta Turkiaren jokabide ankerra salatu dute
  • Frontexeko agenteek Evros ibaiaren ertzean erreskatatu zituen larunbatean migratzaileak, eta argazkia zabaldu dute. Gehienak siriarrak edota afganiarrak dira. Greziako instituzioek esan dute Turkiak bidali dituela jantziak kenduta, eta tratu umiliagarria salatu dute. Ankarak berriz, “manipulazioa” salatu du.

Lide Iraola 2022ko urriaren 19a
92 migratzaile biluzik iritsi dira Greziara.

Greziako instituzioek jakitera eman dute larunbatean 92 migratzaile erreskatatu dituztela biluzik Evros ibaiaren ertzean, eta Turkiari egotzi diote erantzukizuna. Greziako poliziak azaldu duenez, errefuxiatuek kontatu dute Turkiako agenteek ibairaino eraman zituztela ibilgailuz, eta bertan, txalupetan sartu aurretik biluztera derrigortu zituztela. Greziako instituzioek eta Frontexek ikerketa abiatu dute.

Migratzaileen gehiengoa siriarrak edota afganiarrak dira, eta haurrak ere bazeuden tartean. Larunbatetik, Feres hiriko polizia etxean daude Grezian. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak exijitu du ikerketa sakon bat egin dadin egiatan zer gertatu den argitzeko. 92 pertsonek jasandakoa "umiliagarria eta krudela" dela salatu du.

Turkiak ukatu egin ditu salaketa guztiak, eta Greziako ikerketak “manipulatuta” daudela erantzun du.

Bestalde, Notis Mitarakis Greziako Migrazio Ministroak astelehenean abisatu du NBEren Batzar Orokorrarera joko duela gertatutakoa salatzeko, eta argazkiak, bideoak eta "beste material batzuk” entregatuko dituela froga gisa.

Bi herrialdeen arteko tentsioa ez da berria. Azken urteetan, Turkiak Greziari leporatu izan dio migratzaileak modu bortitzean eta babesleku eskaerarik egin aurretik itzularaztea. Kontrara, Greziak salatu izan du agintari turkiarrak migratzaileak erabiltzen dituela Europako Batasunari presio egiteko.

Greziako Gobernuak adierazi du mugako hesia gogortuko duela migrazioa eteteko, The Guardian-en irakur daitekeenez.