argia.eus
INPRIMATU
90 egun bete ditu gose greban al-Qiq kazetari palestinarrak
  • Gose greban jarraitzen du Muhammad al-Qiq preso palestinarrak. Azaroaren 25ean ekin zion protestari bere atxiloketa administratiboa salatzeko. “Askatasuna berreskuratu ala hil”, adierazi zion prentsari lehen egunetan. Ostegunean, 90 egun bete dira gose greba hasi zuenetik. Al-Qiq 2015eko azaroaren 21ean eraman zuten atxilo Israelgo okupazio indarrek.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 25
Al-Qiqek beste edozein palestinarrek baino denbora gehiago darama gose greban.

Iturri ezberdinek baieztatu dutenez, larria da kazetari palestinarraren osasun egoera; inork ez daki egoera horretan zenbat egunez bizirauteko gai izango den. Giza Eskubideen aldeko medikuen elkarteak gogorarazi du al-Qiqek beste edozein palestinarrek baino denbora gehiago daramala gose greban.  

33 urteko preso palestinarra kartzelan mantentzeko, atxiloketa administratiboaren figura erabili dute. Neurri horren bidez, nahi dutenera arte izan dezakete atxilo kazetaria, karguak aurkeztu edo prozesu judizial bati ekin beharrik izan gabe. Giza eskubideen aldeko elkarteek gogor salatu dute atxiloketa administratiboaren figura.

Bitartean, munduko herrialde ezberdinetan protestan ari dira kazetari palestinarraren egoera salatzeko.

Al-Quiqen egoera salatu eta bere askatasuna eskatzeko Londresen
antolaturiko protesta. (Arg: @PlsJustice)