argia.eus
INPRIMATU
850.000 euro balio ditu Frantziako Tourraren Donostiako etapak
  • 2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapa Donostian bukatuko da, eta horren inguruko hitzarmena onartu du Donostiako Udalak.

Inaxio Esnaola Irutxuloko Hitza @irutxulo 2022ko martxoaren 02a
Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria, 2023ko Frantziako Tourrak Euskal Herrian izango dituen etapen aurkezpenean.

Zehazki, 2023ko uztailaren 1etik 3ra bitartean egingo den Grand Depart Tour de France Pays Basque 2023 ekitaldian parte hartuko du hiriak, eta 850.000 euroko ekarpena egingo du. Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru aldundiek eta hiru hiriburuek bat egin dute egitasmoarekin.

Donostian bukatuko den etapa 2023ko uztailaren 2an izango da. Aldiz, Gasteiztik abiatuko da, eta Legutioraino igo ostean, txirrindulariak Ibarratik sartuko dira Gipuzkoara. Handik, Goierri aldera joango dira, ondoren Andoaineraino joateko. Azken kilometroetan, Oarsoaldera joango dira, eta Hondarribitik Jaizkibel mendia igoko dute, handik Donostiarantz joateko. Hau da, Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea egingo dute azken zatian, baina beste norabidean.

2023 Frantziako Tourra Bilbon (Bizkaia) hasiko da, eta bertan amaituko da lehenengo etapa hori. Era berean, hirugarren etapa ere Euskal Herritik ibiliko da, Amorebieta-Etxanotik (Bizkaia) aterako baita, Baionan (Lapurdi) bukatzeko.