Duela 40 urte, 1978ko uztailaren 8an, poliziak Germán Rodríguez gaztea hil zuen tiroz Iruñeko zezen plazatik gertu. Omenaldi moduan, hainbat artistaren kantak bildu dituen SF 78 gogoan! lana plazaratu du Gor diskoetxeak.
"Egia, justizia eta ordaina" helburu dituen San Fermines 78 Gogoan herri ekimenarekin lankidetzan osatu dute bilduma, eta hark jasoko ditu lanaren irabaziak.
Diskoan parte hartu duten artistek, "1978ko uztaileko gertaeretatik berrogei urteko ibilbide luze honetan sentitu zena, sentitu dena eta orain gure baitan sentitzen ari garena irudikatu dute", diote Gor diskoetxetik. "Bidenabar, eta hori da lan honetako helburuetako bat, zenbait belaunaldi elkarrekin lotu ditugu: orduko artistak oraingo gazteekin. Eta, orobat, German Rodriguezen figura eta 1978ko sanferminetako gertaeren berri emanen diegu belaunaldi berriei: nola gertatu zen eta gure hiriarendako zer ekarri zuen –eta ondoren zer ekarri duen–.
Artista parte hartzaileak dira: Fermin Balencia, El Drogas + La Venganza de la abuela, Leihotikan, Los del Rayo, Altxatu, Balerdi Balerdi, La Chula Potra, Iruña Soviet Band, Sofokaos eta Streetwise.
1978ko San Ferminetan gertatutakoez egindako dokumentalaren trailerra: