argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian
  • Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 30
Emakumearen gorpua Zizur Nagusiko bere etxean aurkitu zuen Poliziak. Orain.eus

78 urteko emakumearen heriotza indarkeria matxistatzat ikertzen ari da Polizia, Zizur Nagusian. Asteartean, atxilo dagoen 85 urteko gizonak bere emaztearen heriotzaren berri eman du; Poliziak esan du gizonak kontatzen zuena inkoherentea zela. Gainera, etxebizitzatik gertu aurkitu dituzte odol zantzuak zituzten toallak eta burkoak; beraz, indarkeria matxista leporatuta atxilotu dute gizona, Orain-ek jakitera eman duen moduan. Gizonak ez zeukan aurretiko indarkeria matxista dela eta inolako salaketarik, eta Berriak zabaldu duenez, gizonak alzheimerra dauka eta hildako emakumeak parkinson gaitza.

Zizur Nagusiko Udalak "emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erabateko gaitzespena" agertu du adierazpen instituzional batean, eta biolentzia mota hori desagerrarazteko "konpromiso irmoa" daukala azaldu. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak "giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezina" direla adierazi, eta hilketa "matxismoaren adierazpenik larriena eta lehen mailako gizarte arazoa" dela salatu du. Udalak emakumearen senide eta gertuko pertsonei helarazi die babesa, eta gizarte justuago eta berdintasunezkoa lortzeko konpromisoa berretsi du.

Azken hilketa kontuan hartuta, gizonek 130 emakume hil dituzte Euskal Herrian 2003. urtetik.