argia.eus
INPRIMATU
71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita
  • 2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta 30.000 euro artean ordaindu beharko dizkio.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 22a
Gipuzkoako Lurralde Auzitegia. Irutxuloko Hitza

11 adin txikikori sexu abusuak egiteagatik ezarritako kartzela zigorraz eta zigor ekonomikoaz gain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak beste bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio irakasleari, haurren sexu esplotazioa erakusten duen materiala edukitzeagatik. Sententziaren arabera, erasotzaileak batik bat "mutilak aukeratzen zituen sexu abusuak egiteko". Erasotzaileak Hondarribiko (Gipuzkoa) surf eskola batean egiten zuen lan, eta 2021eko abuztuan atxilotu zuten. Geroztik eta auzitegiaren sententzia jakin arte espetxean egon da.

El Diario hedabide digitalak zehaztu duenez, gizonak gehienez ere 36 urtez –ezarritako kartzela zigor altuenaren hirukoitza– egon beharko du kartzelan, eta beste neurri batzuk ere ezarri dizkiote: zaintzapean aske egon beharko du, eta ezin izango da sexu abusuak egin zizkien adin txikikoengana hurbildu. Gainera, ezin izango du lanik egin adin txikikoekin harremanetan egon litekeen lanbideetan. Epaiari helegitea jartzeko aukera du akusatuak, EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.