Muhammad al-Qiqek gose greba hasi zuen azaroaren 25ean bere atxiloketa administratiboa salatzeko. Kazetari palestinarrak jada ezin du hitz egin; soilik keinu bidez komunika daiteke. Al-Qiq 2015eko azaroaren 21ean eraman zuten atxilo Israelgo okupazio indarrek. Hala adierazi du Ma´an Albiste Agentzia palestinarrak.
Al-Qiqen askatasuna eskatzeko saiakerak ugariak izan diren arren, azaroaren 30ean atxiloaldia luzatu zioten kazetariari; eta urtarrilaren 17an atzera bota zuten bere atxiloketaren aurka aurkezturiko helegitea. Atxilotuaren osasun egoerak okerrera egin du. Addameer preso palestinarren elkartearen arabera, “tratu bortitza jasan behar izan du eta bere bizia arriskuan dago”.
“Askatasuna berreskuratu ala hil”
Kazetari palestinarrak ez du amore emateko asmorik eta askatasuna berreskuratu arte borrokan jarraituko duela baieztatu du: “Askatasuna berreskuratu ala hil”. Atxilotuak, gainera, uko egin die medikuek proposaturiko tratamenduei. Al-Qiqek bi seme ditu; eta aurreko asteburuan idatzi zuen bere testamendua, eskuz.
Tortura salaketak
Israelgo okupazio indarrek kazetari palestinarra torturatu izana salatu du bere abokatu Jawad Bulosek: “Banana izenez ezagutzen den posturan jarri zuten – bizkarra aulki baten gainean zuela, oin eta eskuak aulkiaren azpialdeari lotuta-. 15 orduz egon behar izan zuen horrela. Tartean, sexu erasoak jasan behar izan zituen”.
33 urteko preso palestinarra kartzelan mantentzeko, atxiloketa administratiboaren figura erabili dute. Neurri horren bidez, nahi dutenera arte izan dezakete atxilo kazetaria, karguak aurkeztu edo prozesu judizial bati ekin beharrik izan gabe. Giza eskubideen aldeko elkarteek gogor salatu dute atxiloketa administratiboaren figura.
Sare sozialetan #alqiq traola erabiltzen ari dira kazetariaren egoera salatzeko.