2023ko urriaren 7an, Hamasen erasoaren ostean, palestinar herriaren kontrako genozidioari hasiera eman zion Israelgo Estatuak. Trumpen planaren negoziaketa betean, beldurgarriak dira bi urteotako sarraskiaren zifrak.
67.000 palestinar hil ditu Israelek, 170.000 zauritu ditu, Gazako Zerrendaren zati handi bat birrindu du, Gazako bi milioi biztanleetatik ia guztiak desplazatzea eragin du eta Ekialde Hurbileko historiako lehen gosetea bortxatu du. Nazio Batuen Erakundeak berak esana da: Gazako palestinarrak suntsitzeko asmoz ari da Israel.
Horren adierazgarri, pasa den martxoan Israelek su-etena apurtu eta Gazaren aurkako erasoak berrabiatzea, palestinar eremuan erabateko blokeoa ezarrita. Egoerak gosetea ekarri du zerrendan eta 460 pertsona hil dira desnutrizioz, azken hilabeteotan.
Uneotan, AEBetako presidente Donald Trumpek inposatutako bide-orria negoziatzen ari dira Egipton Israel eta Hamas; Egipto bera, Qatar eta AEBak bitartekari lanetan ari direla. Hamasek ez badu onartzen Trumpek eta Netanyahuk erabakitako “akordioa”, Palestinaren aurkako genozidioak ez du etenik izango.
“Bi urteko delirio kolektiboa”
Israelgo gizarteak bi urteko delirio kolektiboa bizi duela dio Meir Margalit historialari argentinar-israeldarrak, elDiario.es-en: “Gutxiengo mesianiko, fanatiko, fundamentalista, faxista bat ari da herrialdearen norabidea eta baita etorkizuna ere markatzen. Netanyahu gutxiengo horren esanetara dago eta herrialdearen gehiengoa darama herrestan”. Israelgo gizarteak jarrera militarista baino ez duela ikusten dio Margalitek.
"Ez dago oposizio nahikoa zentzudunik ulertzeko eta esateko okupazioa dela herrialdearen arazo nagusia eta okupazio hori bertan behera utzi behar dela"
Zergatik? Bere hitzetan, “jendeari burua jan diote eta haurrek txiki-txikitatik ikasten dute ‘arabe’ dela mehatxuaren sinonimo. Zer esanik ez, armadan egiten dieten buru-jatea. Hainbeste urtetako presio psikologikoaren ostean, israeldarra ez da gai militarra ez den beste soluziorik ikusteko”.
Beste arazo bat ere ikusten du historialariak: ez dago benetan ezkerrekoa den oposiziorik. Indar politiko guztiak eskuinekoak dira eta inork ez du nahi lurralde palestinarren okupazioa bertan behera utzi. “Ez dago oposizio nahikoa zentzudunik ulertzeko eta esateko okupazioa dela herrialdearen arazo nagusia eta okupazio hori bertan behera utzi behar dela”.