65 familia lorategi publikoan hondakinak ongarri bihurtzen

  • Usurbilen 2011ko azaroan ekin zioten konposta auzolanean sortzeari. 65 familiak eurak sortutako hondakinak eurak kudeatzeko aukera dute gaur egun. Nork bere etxebizitzan konposta egin ezin duten bizilagunei irtenbidea eskaini die Usurbilgo Udalak.


2012ko maiatzaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Usurbilgo konpostagailu komunitarioa.

1,6 kilo hondakin sortzen du egunero pertsona bakoitzak gutxi gora-behera, horren %40 hondakin organikoa izaten da, hau da, konposta sortzeko birzikla daitekeen hondakina, duela gutxi arte txerri-jana esaten zitzaiona. Hondakinen gaikako bilketa orokortua daukaten herrietan, atez atekoa egiten dutenenean, orain arte ohikoena etxebizitza bakoitzean egiten zen autokonposta izan da. Baina hori lorategia edo lur-saila duten familientzako aukera da soilik. Badago ordea horrelakorik ez duenarentzako alternatiba bat, Iruñeko eta Flandriako mankomunitateen esperientzia oinarritzat hartuta, auzokonposta jarri du martxan Usurbilgo Udalak. Hondakin organikoak ahalik eta gertuen tratatzeko baliabideak jartzea da helburua, merkeagoa, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa delako. Aspalditik hainbat herritarrek, baratze edo lorategirik eduki ez arren, autokonposta egiteko borondatea adierazia zioten Usurbilgo Udalari, eta, besteak beste, horri erantzunez sortu zen proiektu hau.

Lau gune sortu ditu Udalak Usurbilen, eta beste zenbait egiteko asmoa du, terreno publikoan auzokonposta egiteko. Etxe-blokeetan bizi diren familiek egiten dute konposta modu horretan –konposta-guneak erabiltzaileen etxebizitzatik 100-200 metro ingurura daude gehienez– eta gune bakoitzean Udalak prest jarri ditu beharrezko ontziak: bizilagunak duen betebeharra da, dagokion konpostagailua ireki, material organikoa ondo zabaldu, eta gainetik estrukturantea edo material lehorra (orbelak, adaxkak, lastoa eta abar) nahastea. Hondakinetan dagoen material organikoaren %80 ura da, ustelkorra beraz, eta gai lehorrak nahastuz lortzen da guztia ongarri bihurtzeko bidean jartzea. Ondo eginez gero, usainik ez da zabaltzen ingurura.

Gorka Goiatxeren etxean duela hilabete inguru ekin zioten konpostajea egiteari eta gustura daudela dio: “Nire iritziz dependentziarekin amaitzen dugu konpostajea eginda, eta gainera behin prozesu osoa amaituta herriko lurretan zabalduko dugu ongarria, edo behar duen baserritarrari emango diogu. Hau da, prozesuaren amaiera ere herriarentzat onuragarria izango da”.

Usurbilen hondakinen bilketa atez ate egiten dutenez, familia guztiek etxean bertan bereizten dute materia guztia, eta organikoa konpostaje plantetara eramaten da. Baina hasieratik Udalak kanpaina bat jarri zuen martxan hondakin organikoa ahalik eta familia gehienek beren etxean kudeatzearen alde, besteak beste, kostuetan ere nabaritzen delako. Herritarrak ere nabaritzen du poltsikoan. Etxean autokonposta eta kalean auzokonposta egiten dutenek urtean 80,28 euro ordaindu beharrean 48,17 euro ordaintzen dute.

Usurbilgo auzokonposta sistema ez da asmakizuna ordea. Eredu hurbilena Iruñean aurkitu dute, bertoko sei kontzejutan (Egues, Oteitza, Labio, Badoztain, Subitza eta Olatz Nagusia) 2009an hasi ziren antzeko esperientzia batekin, eta ondoren Nafarroako Basaburuako zenbait herritan ere hasi dira. Europan eta munduan hiri askotan sustatzen dituzte udalek horrelakoak.

Usurbilen 2011ko azaroaren 19an jarri zuten martxan lehenengo gunea. Artzabalgo parkean dagoen Erreka Txiki gunean hasiera batean sei familia inguruk egiten zuten arren gaur egun 16k egiten dute gune horretan. Gerora beste bi gune abiarazi dituzte, denetara 65 familia bilduz. Auzolanean autokonposta egiteko itxarote zerrendan daude familia asko –160 daude izena emanda– eta laster horietako 16 familiari aukera emango zaie proiektuan parte hartzeko, gune berri bat egingo baita epe motzera; Udalak gehiago egiteko asmoa ere badu.

Hasieran Gipuzkoan esperientzia pilotu bezala abiatu zen Usurbilgo proiektuak ikusmin handia sortu du hainbat herritarrek horretarako prestutasuna agertu izanagatik, eta emaitzak ikusirik. “Herri askotako hautetsi eta teknikariak honen berri izateko interesa azaldu dute, eta dakigunez, euren herrietan halako esperientziak abian jartzeko diru-laguntza eskariak eginak dituzte Gipuzkoako Aldundiak hondakinen prebentzioa sustatzeko egin zuen deialdira. Beraz, ziur aurten bertan, Gipuzkoako beste zenbait herritan jarriko direla auzokonposteko esperientzia berriak abian”, dio honetan lanean diharduen Joxe Mari Irazustak.

Konpostajearen Egunak

Organikoa ontzian lagatzen denetik konposta jasotzeko sei hilabete inguru pasa behar dira. Lehenengoak azaroan hasi zirenez oraindik ez dute konposta jaso. Etxeetatik ekarritako hondakin organikoek eta bertan nahastutako orbel, lasto eta abarrek lehenbizi hartzitu egin behar dute, “irakin” nolabait esateko. Horretarako sarritan nahastu egin behar da ontzi barrukoa. Geroago, hozten joango da eta zizareek bihurtuko dute benetako ongarri. Azaroan hasi zen taldearen prozesua azken fasean dago, aurki konpost hori ateratzeko aukera izango du.

“Ateratzen dugun horrekin gure asmoa da urtean bi edo hiru egunez konpostaren festa egunak antolatzea, eta komunitateko jendearen laguntzarekin konposta lortzea”, dio Usurbilgo Udaleko Ingurumen teknikaria den Ibon Goikoetxeak. Material hori ongarri bihurtuta parte hartu nahi dutenen artean banatzeko asmoa du Udalak, eta, bestela, Udaleko lorezaintza zerbitzuek erabiliko dute herriko lorategietan. Soberan izango balute herriko garbigunean utziko lukete herritarrek dohainik eskura dezaten.

Usainik edo sagurik?

Konposta auzolanean kale ondoan egin behar denez, usainak eta saguek kezka sortu zioten Udalari, baina ez dute horrelako arazorik izan; ez da sagurik azaldu eta usaina esperientziarekin kontrolatu egin dute. Udalak ez du kexarik izan, eta beraz gustura daude proiektuaren alde egin zuten guztiak. Kaxa irekitzen denean lurruna ateratzen da, baina une horretan da soilik, eta kontrolatuta dago.

Guneen funtzionamendua egokia dela ziurtatzeko talde bakoitzak arduradun bat du (master-composter). Arduradun horren lana da hondakin organikoari gehitu beharreko estrukturantea badagoen kontrolatzea eta falta bada Udalari abisua pasatzea, eta, bestetik, organikoaren guneak noiz betetzen diren eta egoera egokian dauden kontrolatzea. Beraz, edozein zalantza izango balute arduradun honek Udaleko arduradunarengana joko luke.

Udal-baratzeak

Gaur egun Usurbilen 2.300 familia inguru bizi dira eta horietako 535ek konpostatzen dute, bakoitzak bere etxean eta Udalak jarritako guneetan. “Ikusten genuen konpostajea etxean egiten ari zirela herritar asko, eta bazegoela konpostatu nahi baina ezin zuten herritarren aldetik eskaera bat”, dio Goikoetxeak. Ingurumen teknikariak dio egokiena bakoitzak bere etxean konposta egitea dela, eta auzolanekoak ez duela zentzurik etxean egiteko aukera duen jendearentzako.

Aurrera begira udal-baratzeak sortu nahi dituzte herrian eta horietan ere guneak jartzeko asmoa dute. Autokonpostajea zuk zure hondakinekin ongarria sortzea da, eta hori da egoera idealena, “norberak bere etxean hondakinak kudeatzea” dio ingurumen teknikariak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude