argia.eus
INPRIMATU
Aquarius ontzia bere 629 migratzaileekin Valentziako portuan lehorreratuko da
  • Pedro Sánchez Espainiako lehen ministroak baimena eman du ‘Aquarius’ ontzia Valentziako kaian sar dadin. Italiatik 35 miliatara eta Maltatik 27 miliatara lehorreratu ezinik zegoen ontzia, karelean 629 etorkin daramatzala. SOS Mediterranee GKEak kudeatzen duen baporeak azken orduak inon aterpetu ezinik emanak zituen itsasoan, Italiako agintariek hango portuetan kairatzea debekatu ostean.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 11
(Argazkia: Karpov / SOS MEDITERRANEE)

Joan Ribo Valentziako alkateak bere hiriko kaia eskainia zuen gero eta egoera estuagoan zen itsasontzia aterpetzeko. Denbora gutxi geroago, Madrilgo gobernuak Valentziako Generalitateko lehendakari Ximo Puigi jakinarazi dio bertan sartzeko baimena eman diela Aquarius ontziaren arduradunei.

Aurreko orduetan, Italiako barne ministroa eta eskuin muturreko Lega alderdiko burua den Matteo Salvinik ontziaren porturatzea ukatua zuen, Italiak “pertsonen trafikoa” eta “legez kanpoko migrazioaren negozioa” ez dituela onartzen adieraziz. Salvinik eskutitza bidali dio Maltako Gobernuari, ontzia hartzea dagokiola esanez. Maltako Barne Ministerioak ontzia hartzea ez dagokiola erantzun du, migratzaileen erreskatea Erromak koordinatzen duen Libiako erreskate gunean eman dela argudiatuz.

Malta eta Italiak ontzia hartzeko ardura nori dagokion eztabaidatzen zuten bitartean, ontzia itsasoan noraezean egon da igandetik. Sos Mediterraneek "behin betiko argibideak" jasotzeko zain daudela adierazi du astelehen goizean, eta Munduko Medikuak elkarteak egoerak berehalako konponbidea eskatzen zuela ohartarazi du, migratzaileek 48 ordutarako elikagaiak besterik ez dituztelako. Ontzian 629 pertsona daude, horietatik 123 adin txikikoak eta zazpi emakume haurdun.

Bazkalondoan zabaldu du Madrilgo gobernuak bere erabakiaren berri: "Espainiako lehen ministroak aginduak eman ditu Espainiak bete ditzan bere konpromisoak nazioarteko krisi humanitario honetan eta Aquarius ongi etorria izanen da Espainiako portu batean. Gure betebeharra da hondamendi humanitario bat saihestu eta portu bat eskaintzea jende horiei nazioarteko legedia betez".