argia.eus
INPRIMATU
609 langile kaleratuko dituzte Ezkirozko BSHn
  • Plantillak baiezkoa eman dio aurreakordioari, eta, printzipioz, urte hau amaitzean itxiko dute fabrika.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko uztailaren 29a

Zazpi hilabete igaro dira Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresako zuzendaritzak jakinarazi zuenetik fabrika itxi nahi duela, plantilla osatzen duten 655 beharginak kalean utziz. Urte erdia baino gehiago daramate sufritzen langileek (langile-batzordeak hilabete honetan bertan salatu du 100 bat direla bajan daudenak, gaixotasunei lotuta), baina badirudi azkenera iristen ari dela itxierari buruzko negoziazioaren kontsulta-aldia, ekainean baieztatu ondoren behin betikoa zela enpresaren erabakia.

Azken asteetan, 609 kaleratze ekarriko lituzkeen aurreakordioari bide egin diote UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuek, eta baiezkoa nagusitu zen aurreko astelehenean plantillak egindako bozketan, %21ek ezezkoa bozkatzea ez baitzen nahikoa izan aurreakordioa atzera botatzeko.

Esan bezala, 655 beharginetatik 609 kaleratzea jasotzen du azken proposamenak. 54 urtetik behera dituztenei, 45 eguneko kalte-ordainak emango dizkiete lan egindako urte bakoitzeko, baita 1.500 euro ere, antzinatasuneko urte oso bakoitzeko. 55 urtetik gorakoek (104 bat) aurretiazko erretiroa hartuko dute, soldata gordinaren %70eko bermearekin; eta 50 eta 54 urte arteko langileei, berriz, lehentasuna emango omen diete enpresaren balizko "berrindustrializazio-proiektu" batean. Birkokatze-enpresa baten bidez aktiboki enplegu bat bilatzen dutenei, %100eko birkokatzeak eta enpresa barruan hutsik dauden postuak betetzeko lehentasuna hitzeman dizkiete. Langile-batzordeak emandako datuen arabera, 400 inguru dira 45 eta 54 urte artean dituztenak.

BSH enpresako zuzendaritzak berriki igorri du idatzi bat, hurrengo pausoen berri emanez. Hala azaldu du Ezkirozko lantegia martxan mantenduko duela urte honen bukaerara arte, aurreikusitako ekoizpena bete ahal izateko, eta esan du "berrindustrializazio-alternatiba posibleak bilatzen" segituko duela. Orain arte ere, "berrindustrializazioa" bultzatzeko eta inbertitzaileak topatzeko promesak egin dituzte bai enpresak bai agintaritzek, hala nola Nafarroako Gobernuak, baina ezerezean geratu dira.

50 urtetik beherako langileek azaroaren 30era arte joan beharko dute lanera, eta hori baino zaharragoak direnek, abenduaren 31ra arte. Printzipioz, horren ondoren gauzatuko da Ezkirozko kaleratze masiboa.