argia.eus
INPRIMATU
60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik
  • "Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko maiatzaren 16a

Ostegun arratsaldean, Osasunaren partidaren aurretik, Iruñeko (Nafarroa) Sadar futbol-zelaiaren aurrean egin du agerraldi bat Indar Gorrik. Izan ere, 60.000 euroko isuna jarri diote kide bati, taldeak sare sozialetan sionismoaren kontra argitaratutako mezu baten ondorioz. Zehazki, Granada taldeko Shon Weissman salatu zuen Indar Gorrik argitalpen horretan, palestinarrak tiroz hiltzeko dei kriminala egin baitzuen jokalariak.

Gertakariak ekarri ditu gogora Indar Gorrik: "2023ko urriaren 7a. Israelek 70.000 hildakotik gora daramatzan beste ofentsiba bat hasi du Gazan. Urriaren 8a. Shon Weissman Granadako futbolari sionistak tweet bat argitaratu du palestinar desarmatuen buruetara tiro egiteko eskatuz, eta beste zenbait tweet-i gustuko dut eman die, Gaza 200 tonarekin bonbardatzea eskatuz; abisatu gabe, ezabatu besterik ez".

Horiek horrela, eta Weissman Sadarren jokatzekoa zela-eta, honako mezua idatzi zuen Indar Gorrik 2023ko urriaren 15ean: "Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu". Handik bost egunera izan zen Granadaren eta Osasunaren arteko partida Iruñean, baina jokalari sionista ez zen bertaratu, "segurtasun-arrazoiak" argudiatuta. Egun horretan, Palestinaren aldeko aldarriz bete zen Sadar.

Indar Gorriko kidea, atxilotua iaz

Handik hainbat hilabetera, 2024ko ekainaren 3an, Indar Gorriko kide bat atxilotu zuen Poliziak. Ez zioten zehaztu atxiloketaren arrazoia, baina azaldu zioten Indar Gorrik sare sozialetan zabaldutako mezu batengatik izan zela, hura "mezu xenofoboa eta gorrotozkoa" zelakoan. Ostegunean xehatu dutenez, "herri juduaren aurkako gorroto-delitu bat" egitea leporatu zioten pertsona horri, baina urte horretako urrian artxibatu zuten auzia.

Hala ere, aurtengo apirilean jaso du isun erraldoi bat iaz atxilotutako kideak: Weissmanen eta sionismoaren aurkako aldarria idatzi izana leporatuta, 60.000 euroko isuna jarri diote, "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" deiturikoa aplikatuta. "Hona hemen emaitza", laburbildu du Indar Gorrik gaurko prentsaurrekoan: "Palestinar herriaren genozidioa sare sozial batean justifikatzea: 0 euro. Genozidioa bera salatu eta borrokatzea: 60.000 euro".

82 atxiloketa eta 174.000 euroko isunak Indar Gorriren aurka

Berriki ezarritako isun izugarri horren berri emateaz gain, azken bi denboraldietako "balantze errepresiboa" zein den jakinarazi du Indar Gorrik: "82 atxiloketa, lau operazio polizial, 174.000 euroko balioa duten 331 isun eta 42 urteko debekua futbol-zelaietara joateko". Taldeak uste du horiek guztiak ez direla "kasualitatea": "Harmaila politiko bat antolatzearen prezioa da; sionistak Sadarrera sartzea saihestearena, harmailetan aldarrikapen politikoak egitearena, Palestinarekin lerrokatzearena eta kaleetan faxismoari aurre egitearena".

Salatu du, beraz, pertsona bati jarritako zigor bat izatetik harago doala jasandako azken isuna. Uste du horrekin "zalego oso bati erasotzen" ari direla, "adierazpen askatasunaren aurkako eraso zuzena" dela, eta "herri palestinarrarekiko elkartasuna" jartzen ari direla jomugan.

"Haiek 60.000 euroko isun bat ikusten duten tokian, guk 60.000 arrazoi gehiago ikusten ditugu borrokan jarraitzeko", aldarrikatu dute, dena den. Hala, salaketa-kanpaina bat hasiko dute, isunari aurre egin ahal izateko batez ere: labur.eus/60000arrazoi estekan egin ahal izango dira ekarpenak.