ELAk deituta, manifestazioa egingo dute Donostiako ospitalean. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek, berriz, ostegunean hasi dute hiru asteko greba-zikloa, mobilizazioekin.
60. greba eguna dute ostegunean Osakidetzako langileek, eta protesta egingo dute Donostiako Ospitalean, ELA sindikatuak deitutako manifestazioan. Bertan emango dute azken asteetako ez ohiko garbiketa dekretuen berri, baita grebaren eta negoziaketaren inguruko informazioa ere.
Bestalde, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek asteazkenean ekin diote hiru asteko greba-zikloari. Apirilaren 26tik maiatzaren 16ra lanuzteak deitu dituzte, eskatzeko garbitzaileen baldintzak Osakidetzako gainontzeko langileen baldintzekin parekatzea. Salatu dute azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileek bost urte daramatzatela hitzarmenik gabe, eta enpresa eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari direla, ardura elkarri egotziz.
Sindikatu horiek deituta, asteazkenean mobilizazioak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gasteizen, Arabako Unibertsitate Ospitalean egin dute protesta, Barakaldon herriko plazatik Gurutzetako ospitalera eta Gipuzkoan manifestazio bana Donostia eta Zumarragako ospitaleetan. Ostegun goizean Gasteizko Parlamentuaren aurrean mobilizatu dira.