argia.eus
INPRIMATU
'5ak Gasteizen. Elkartasunez blai!' dinamika sortu dute 11-13 makroepaiketaren aurka "bustitzeko"
  • Auzipetuak maitasunez “ito”, makroepaiketak “urperatu” eta presoen aldeko borroka “freskatu” nahi du ekimenak. Gasteiztarrei “bustitzeko” proposamenak luzatu dizkiete, Gasteizko irailaren 7ko eta irailaren 14ko manifestazio nazionala azpimarratuz.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 04a
Agerraldia Gasteizko Bollerias plazan. Argazkia: 5ak Gasteizen. Elkartasunez blai!

Asteak dira batzar irekian 150 pertsona inguru bildu eta lanean hasi zirela. Baina gaur aurkeztu dira publikoki prentsa agerraldi jendetsu batean. Euskal Herriko beste hamaika herri eta auzotan bezala, Gasteizen ere antolatu egin dira 11-13 sumarioko makroepaiketaren aurrean.

Auzipetutako 47 lagunak eta makroepaiketaren datu orokorrak aletuz hasi dute agerraldia ekimenaren bozeramaileek. Adierazi dute Herrira, Jaiki Hadi, EPPKren Bitartekaritza Taldea, Etxerat eta abokatuak preso eta iheslarien eskubideen alde eta bake justu baten alde lan egiten zutela. “Zortzi eta hogei urte eta erdi arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu estatuak, 601 urte denera. Hiru hilabetez luzatuko den epaiketak 340.000 euroko gastuak ekarriko dizkiete auzipetuei. Marka da gero”, esan dute.

Auzipetuetako bost gasteiztarrak dira: Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar. “Ez gaude prest gure herrikideak bidegabekeria honen aurrean bakarrik uzteko”, adierazi dute.

Babesa ematen dutenak babestu

Ekimen gasteiztarraren irudiko, “jendartean justizia eta babesgabe daudenen eskubideak defendatzea garrantzitsua bada, hori egiteagatik zigortuak direnak babestea ariketa demokratiko ezinbestekoa da”. Elkartasuna praktikatu zutenen inguruan elkartasuna antolatzea dute helburu.

Horretarako sortu dute 5ak Gasteizen, elkartasunez blai! Mòjate kopon! ekimena. “Gasteizko bazterrak elkartasunez eta konpromisoz blaituko ditugu. Ane, Nagore, Gorka, Egoitz eta Izaskun maitasunez bustitzeko; makroepaiketak betiko urperatzeko; konponbidearen eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko borroka freskatu eta indartzeko”.

Bustitzeko deia

Bostak Gasteizen ekimenaren bozeramaileak gasteiztarrei informazioa eman, atxikimenduak eskatu eta epaiketaren gastuei aurre egiteko dirua bilduko dutela adierazi dute. Hurrengo hilabeteetako hitzordu garrantzitsuenak ere jakinarazi dituzte. Uztailaren 27an “Txapuzoi eguna” antolatu dute Landako urtegian, abuztuaren 5ean ekitaldia egingo dute Gasteizko Txosna gunean, eta irailaren 2a eta 6a artean “elkartasun astea” ari dira antolatzen. Bi deialdi azpimarratuz amaitu dute agerraldia: “Irailaren 7an hilabeteotan landuko dugunaren emaitza jaso nahi dugu mobilizazio masibo batean, elkartasun uholdea sortuz Gasteizen. Irailaren 14an, nazio mailako manifestaldia dago deituta, epaiketa hasi baino bi egun lehenago”.