Fokuarekin lotutako kutsatzeak Ordiziatik harago hedatu dira, beste eskualde eta lurralde batzuetara. Ordizian 35 pertsonak eman dituzte positibo, baina fokuarekin lotura duten kasuak, osteguna orduko, 58 izatera iritsi dira.
Ostegunean egin du bigarren bilera Ordiziako COVID-19 fokua aztertzeko sortu den Jarraipen Batzordeak. Bertan bildu dira Osasun saila, Osakidetza eta fokuarekin lotutako kutsatuak dituzten herrietako udal ordezkariak. Ordizia, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta eta Tolosako alkateak parte hartu dute bilkuran, udalerri horietan guztietan antzeman baitituzte fokuarekin lotutako kasuak.
Kasuak Ordiziatik harago ari dira hedatzen, Gipuzkoako muga ere igarotzeraino. Izan ere, Araban eta Bizkaian fokuarekin lotura duten kasuak antzeman dituzte. Nekane Murga Osasun sailburuak emandako datuen arabera Ordizian 2.300 PCR froga egin dituzte, horietatik 2.200en emaitzak badaude, eta positibo eman dute 35 pertsonak. Alabaina, fokuarekin lotura duten Ordiziaz haragoko kasuak batuta, 58ra arte igo da zifra. Berriak emandako datuen arabera, azken 24 orduetan 30 kasu berri atzeman dituzte: hamasei Gipuzkoan, bederatzi Araban eta bost Bizkaian.
Arabako kasuen kopurua ikusirik, Osasun saila ikertzen ari da lurraldean foku berri bat hedatzen egon ote daitekeen.